INFO

Kortxoenearen biziraupena bermatzea eskatu diote Udalari

Hainbat kulturgilek beren babesa agertu diote gaur goizean Kortxoeneari eta gaztetxearen biziraupena berma dezala eskatu diote Donostiako Udalari.

Hainbat kulturgile izan dira agerraldian sostengua adierazten. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS))

Kortxoenearen sorreratik igaro diren bost urteetan gaztetxetik igaro diren kulturgile andanak sostengu manifestu bat aurkeztu dute gaur goizean. Kultur adierazpen ezberdinetako 77 kultur eragilek beren babesa agertu diote gaztetxeari eta Donostiako Udalari Kortxoenearen biziraupena berma dezala eskatu diote. Prentsaurrekoan Beñat Sarasola idazleak eta Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ musikariak hartu dute hitza. Beraiekin Koldo Izagirre idazlea, Juanba Berasategi zine zuzendaria, Joseba Tapia musikaria, Txan magoa, Unai gaztelumendi eta Ane Txoperena bertsolariak, Ze Esatek, Madeleine eta Willis Drummond taldeetako kideak eta Donostiako Piratak izan dira.

Manifestuan salatu dutenez, Kortxoeneak «Donostiako kulturari bost urtetan eman diona nekez kalkulatuko dute inpaktu sozial, kultural eta ekonomikoaren neurgailu modernoenek». Ildo horretan, Kortxoenea bezalako «proiektu kultural landu, autogestionatu eta zabal bat enpresa eraikitzaile baten interes hutsengatik suntsitua izatea» kritikatu dute.

Beren harridura agertu dute ere eraisketa saiakerak Donostia 2016-ren bezpera urtean aurrera eramatea eta proiektu horrekiko dituzten «zalantzak areagotu» besterik ez dituztela egin. «Donostiak 2016an –eta aurrerantzean– espektakuluaren kulturaren hiriburu baino zerbait taxuzkoagoa izan nahi badu, konbentzituta gaude ezinbestekoak izango zaizkiola Kortxoenea bezalako proiektuak; horiek sustatu eta babestea», nabarmendu dute.

Bestalde, gaur arratsaldean manifestazioa egingo dute, baina goizetik hasi dute eguna manifestaziorako mozorroak prestatuz eta bazkalostean kantaldia egingo dute Mursegorekin. Mobilizazioaren ostean ere izango dira kontzertuak eta gaua bertan pasako dute.

Igandean, berriz, estropaden egunean, Fermin Muguruzak eta Bad Sound System-ek joko dute gaztetxean. 15.00etan egingo dute kalejira Alde Zaharretik Kortxoeneara.