INFO

Kortxoeneak Eneko Goiarekin bilera bat izatea eskatu du

Kortxoenea gaztetxea Donostiako Udaletxera gerturatu da Eneko Goiarekin bilera bat eskatzera. Gipuzkoar hiriburuko alkateak atzo prentsaurrean adierazi zuen «hitz egiteko prest» zegoela. Bien bitartean, egitarauarekin aurrera jarraitzen dute.

Atzo goizean Kortxoenea gaztetxea hesitzen hasi ziren langile eta ertzainak. (topatu.info)

Kortxoenea gaztetxeko ordezkariak Donostiako udaletxera joan dira Eneko Goiarekin bilera bat eskatzera. «Entzutera gatoz, eta hitz egiteko prest gaudela adieraztera». Atzo Ertzaintza eta enpresa eraikitzailearen jabea gaztetxera gerturatu ziren, ingurua hesitu eta berriz alde egin.

Gaztetxea eraisten saiatu ostean sortu den mugimenduaren aurrean, atzo Donostiako alkate Eneko Goiak Kortxoenearekin hitz egiteko prest dagoela adierazi zuen. «Hitz egiteko prest gaude eta udal baliabideak aztertu eta zerbait eskaintzeko ere», azpimarratu zuen prentsaurrean. Hala ere, lursaila «pribatua dela» nabarmendu nahi izan zuen.

Bien bitartean, Gaztetxeak egitarauarekin aurrera jarraituko duela eman dute jakitera. Besteak beste, gaur 19:00etan Anari izango da oholtza gainean eta ostiralean 20:30tan Glaukoma. Era berean, irailaren 24tik 26ra, Zinemaldi Alternatiboaren 6+1 edizioa antolatuko dute. Ekimen hauetan parte hartzeko deia egin diote gizarteari: «Denok gaztetxera bestelako hiri eredu bat aldarrikatzera! Bakarrik ezin da, lagunekin bai!».