INFO

Herri katalanari babesa adierazi diote zortzi erakunde politikok eta prozesuari errespetua eskatu

EH Bildu, Andecha Astur, Bloque Nacionalista Galego, Bloc Nacionalista Valencià, Chunta Aragonesista, Izquierda Castellana, Mes per Mallorca eta Puyalón de Cuchasek Katalunian irekitako prozesuari babesa adierazi diote. Era berean, herri eta nazio desberdin horietan martxan jartzen diren soberania prozesu eta ekimenak elkarbanatzeko konpromisoa hartu ere.

Erakunde desberdinetako ordezkariak, prozesu katalanari babesa erakutsiz. (EH BILDU)

Galiza, Castilla, Mallorka, Valentzia, Euskal Herria, Aragoi eta Asturiako zortzi erakunde politikok irailaren 27an Principateko herritarrek hartutako erabakiekiko errespetua eskatu eta aldarrikatzen duen adierazpena onartu zuten Diada eguna aprobetxatuz. Ciemen-en (Centre Internacional Esquerra per a les Minories Etniques e les Nacions ) ospatu zuten bilkura, eta CUP eta ERC-ko ordezkariak ere bertan izan ziren.

EH Bildu, Andecha Astur, Bloque Nacionalista Galego, Bloc Nacionalista Valencià, Chunta Aragonesista, Izquierda Castellana, Mes per Mallorca eta Puyalón de Cuchasek Katalunian irekitako prozesuarekiko «babes posizio amankomuna» topatzera begira bilkura bat ospatu zuten. Era berean, Estatuak Kataluinaren aurka hartu ditzakeen balizko neurrien aurrean «koordinatzeko konpromisoa» agertu zuten. Honetaz gain, espreski onartu zuten hauteskude horien «izaera plebiszitario eta konstituziogilea».

Ildo beretik, herrialde desberdinetan egiten diren aldrrikapen soberanistak elkarbanatzea sinatu zuten. Eta modu orokorrago batean, bakoitzak bere herrian aldarrikapen soberanistak aurrera egin dezan ekimenak elkarbanatzean. Honela, Kataluniako prozesu soberanistak eta gainontzeko herri eta nazioek behar duten «haustura demokratikoa eta erabakitzeko eskubidea» aldarrikatu zituzten.

«Borondate demokratikoaren errespetua eta herrien eskubideen errekonozimendua harreman justuago eta solidarioagoen marko baten oinarria izan behar dute», gehitu zuten. Horretarko, «Europa berri bat eraikitzea» ezinbestekotzat jotzen dute, «herriak zorraren txantaiatik askatzeko».