INFO

Aberastasunaren Zerga erreformatzeari ekin dio Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak prest du Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga erreformatzeko zirriborroa. Enpresetako parte-hartzeak salbuetsita egongo dira aldaketak indarrean sartzen direnean. EH Bilduk foru Gobernu berriaren fiskalitate eredu berria salatu du, «elite pribilejiatuak babestu eta desberdintasunean sakontzen duelako».

Jabier Larrañaga Ogasun diputatua, Ogasun eta Finantza Batzordean. (GIPUZKOABERRI.EUS)

Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak agerraldia egin du Batzar Nagusietan, bere departamenduak legealdi honetarako dituen lehentasun eta lan ildoen berri emateko.

Esan duenez, «zerga sistema justu bat lortzea» izango da bere departamentuaren helburu nagusia, betiere aurrekontuen egonkortasuna bermatuz. Hortik abiatuta, enplegu eta garapen ekonomikoa bultzatzea, aberastasunaren banaketa erraztea eta «Ongizatearen Estatua definitzen duten» zerbitzu publikoak bermatzea garrantzitsutzat jo du.

Iruzurraren aurkako lanak ere garrantzia izango duela nabarmendu du eta Ogasun departamenduak ikerketaren alorrean ahalegin «berezia» egingo duela ziurtatu du.

Aurreko foru Gobernuak bultzatutako Aberastasunaren eta Fortunan Handien gaineko zergari dagokionez, Markel Olanok hauteskunde kanpainan iragarri zuen bezala, erreformatzeko zirriborroa prest dutela esan du Larrañagak. Azaldu duenez, aldaketa nagusia enpresen parte-hartzeak salbuetsita uztea da, «enpresa proiektuak bultzatzeko asmoz». Bere hitzetan, «guztiontzako aberastasuna kalitatezko enpleguaren bitartez» dator eta horretarako beharrezko jo du jarduera ekonomikoa eta proiektuen sustapena bultzatzea.

Aldaketari esker Gipuzkoa Araba eta Bizkaiarekin harmonizatuta geratuko dela defendatu du.

EH Bildu: «Eredu atzerakoia eta eskuindarra»

EH Bilduk salatu egin du foru Gobernu berria zergak aldatzen hasi dela «fiskalitate eredu atzerakoia eta eskuindarra inposatzeko nahian». Xabier Olano bozeramailearen ustez, EAJ-PSEren Gobernuaren zerga ereduak «elite pribilejiatuak babesten ditu eta desberdintasunean sakontzen du», eta horregatik iruzur fiskalaren aurkako borroka areagotu eta justizia sozialean eta aberastasunaren birbanaketan oinarritzen den fiskalitatea aldarrikatu du.