INFO

Garbiñe Muguruzak Txinako Irekia irabazi du

Venezuelan jaiotako eta jatorri euskalduneko Garbiñe Muguruzak Txinako Irekia irabazi du Timea Bacsinszky suitzarra 7-5 eta 6-4 menderatu ostean. Bere ibilbideko bigarren WTA torneoa irabazi du, iaz Hobarten gailendu eta gero.

Garbiñe Muguruza garaile Txinako Irekian. (Wang ZHAO / AFP)

Garbiñe Muguruzak Txinako Irekia poltsikoratu du finalean Timea Bacsinszky menderatu eta gero. 7-5 eta 6-4 gailendu zaio suitzarrari, urteko lehen txapelketa bereganatuz.

Atzetik ekin dio finalari, eta 2-5 galtzen hasi da, baina buelta eman dio partidari 7-5 gailentzeko. Venezuelan jaiotako eta jatorri euskalduneko tenislariak, garaipen honekin, munduko WTA sailkapeneko laugarren postura egin du salto, eta hirugarrena, orain Maria Sharapovaren eskuetan, puntu bakarrera du.

Denboraldi bikain batek, non besteak beste Wimbledoneko finala harrapatu zuen, denboraldi amaierako Shangaiko Mastersean parte hartzeko balio izan dio.