Epaiketa politikoak salatzeko ekitaldia egin dute Donostian
Askapena Auzitegi Nazionaletik pasatu berri da eta orain 04/08 auziko 35 auziperatuen txanda da. Bien arteko epeaz baliatuz, epaiketa politikoen kontrako gogoeta egin dute Donostian.
«Euskal gizarteak eskatzen dituen bake eta normalizazio politikorako parametroen kontra doa Estatu espainola epaiketa politiko hauekin», aipatu du Pernando Barrena 04/08 auziko auziperatuak, prentsaurrean egindako adierazpenetan. Honen ustez, 2005 eta 2007. urteen artean «euren militantzia politikoaren ondozioz, ilegalizazioak suposatu zuen hainbat eskubideen urraketei aurre egiteagatik» auziperatu dituzte 35 pertsonak. Hala, Barrenak iragarri du auziperatutako pertsona guztien absoluzioa eskatuko dutela.
Barrenaren adierazpenen ondotik, ‘Libre’ ekitaldiari ekin diote Donostiako Iratzar aretoan. Bertara gonbidatu dituzte gaiari buruz zer esanik duten pertsonak. Alegia, Askapenako auziperatua den David Soto –bere kideak publikoaren artean zeuden eserita– eta 04/08 sumarioko auziperatua den Patxi Urrutia, Estitxu Eizagirre ‘Argia’ aldizkariko zuzendaria eta Pako Letamendia «Ortzi» EHUko zientzia politikoetako irakaslea.
Bakoitzak bere ekarpenak egin ditu hamar minutuko txanda banatan eta, ondoren, publikoari haiekin eztabaidatzeko aukera eman diote. Sotok auziperatuak izango zirela jakin zutenetik Auzitegi Nazionaletik pasa zirenera arte eman dituzte pausoak azaldu ditu. Ortzik ekitaldi horretan parte hartzeagatik samina adierazi du, honen ustez «absurdua den epaiketa bat salatzen» egon direlako. Eizagirrek «‘statu quo’-aren hedabideak» kritikatu ditu, herritarrak kontsumitzen dituzten hedabideekin kritikogoak izatera animatuz.
Azkenik, Urrutiak esan du Euskal Herrian gauzak «errotik» aldatu diren arren, Estatu espainola bide beretik jarraitzen duela eta horregatik badaki euren epaiketa ez dela ez lehenengoa ez azkena izango.