Durangoko Azokak 250 ekitalditik gora izango ditu 50. edizioan
Durangoko Azokak inoiz baino ekitaldi gehiago izango ditu bere 50. urteurrenean, eta, bost egunez, abenduaren 4tik 8ra bitartean, 250 ekitalditik gora eskainiko ditu. Aurten 249 erakustoki izango dira, eta horietan 350 nobedade aurkeztuko dira.
Aurtengo edizioko egitaraua aurkeztu du Azokak asteazken honetan, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egindako agerraldian. Bertan, Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikagaz batera, Azokako zortzi guneen ordezkariak egon dira: Arrate Illaro (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Oihane Agirre (Azoka TB), Gorka Julio (Kabi@), Esther Soto (Areto Nagusia), Lutxo Egia (Ahotsenea), Erika Uranga (Plateruena) eta Eñaut Gantxegi, Arantza Arrazola eta Gorka Ganso (Szenatokia).
Nabarmendu dutenez, Durangora gerturatzen direnek 250 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, umeentzako jarduerak, tailerrak, ikuskizunak eta abar. Aurten 249 erakustoki egongo dira, iaz baino lau gehiago, eta stand horietan 350 nobedade aurkeztuko dira. Liburu eta diskoetan gorakada eman bada ere, argitalpen elektronikoetan egon da gorakadarik handiena, aurten 18 nobedade aurkeztuko baitira (iaz lau izan ziren).
Edizio honetako aurrekontua 750.000 eurokoa izango da, eta horietatik 410.00 euro erakunde publikoetatik jasotako diru laguntzak dira. Erakustokien alokairua (225.000 euro), babesleak (99.000 euro) eta publizitatea (16.000 euro) dira gainontzeko diru sarrerak. Gastu nagusiak, ostera, Azokaren montajeak jasotzen ditu (187.000 euro), komunikazioa (176.000 euro), arlo teknikoa (124.000 euro) eta pertsonalarekin (112.000 euro) batera. Gainontzeko gastuak egitaraua (87.000 euro), alokairuak (31.000 euro), antolaketa (18.000 euro) eta kanpoko zerbitzuak (13.000 euro) dira.
Azokaren inaugurazio ekitaldia aurten San Agustin Kulturgunean izango da, Szenatokia gunean, hain zuzen ere. Arratsaldeko 19.00etan hasiko den ekitaldian, erakundeetako ordezkariek eta kultur sortzaileek parte hartuko dute, taularatze berezi baten bidez.
Azokaren amaiera ere berezia izango da, eta 50. urtemuga agurtzeko «traka berezia» izango da egitarauan: 17.30ean Lekord taldearen ‘Sokak’ ikuskizuna izango da Ahotsenean; 18.00etan Szenatokian ‘Zirko Anabasa’ ospatuko da; 18.30ean, Korrontzi taldearekin dantzaldia izango da Plateruenan; eta amaitzeko, 19.45ean, Deabru Beltzak taldearen emanaldia egongo da ate itxierarekin batera.
Gunez guneko egitarauari dagokionez, Areto Nagusian ‘Gogoetaren plaza’ antolatuko da bigarren urtez, Jakin eta Gerediagaren arteko lankidetzarekin, eta mahai inguru eta solasaldiak izango dira, ‘Biharkoak Gaur’ goiburupean. Andoni Egaña, Asisko Urmeneta, Zinemaldiko Maialen Beloki, Jose Mari Agirretxe Porrotx, Itxaro Borda, Ruper Ordorika, Eider Rodriguez edota Jon Maya izango dira bertan, besteak beste. Bina saio izango dira egunean, goizean buruz-burukoak eta arratsaldean ohiko mahai-ingurua, eta egun bakoitzak ere gai jakin bat izango du.
Ahotsenea
Halaber, Ahotsenea guneak «marka guztiak hautsi ditu» edizio honetan. 120 emanaldi baino gehiago egongo dira –70 zuzeneko eta 50 solasaldi–, eta 50. urtemugako ikuskizuna ere egongo da: Lekord taldearen ‘Sokak’ ikuskizuna.
Solasaldien gunea aurten Landako barruan egongo da, eta bederatzi disko eta 42 liburu aurkeztuko dira, hainbat formatutan (solasaldiak, ikuskizuna, errezitaldiak, kontzertu akustikoak). Lehen aldiz irakurketa dramatizatuak egongo dira literatura solasaldietan, musikaz lagundurik, eta euskal literatura eta musikagintzaren izen handi ugari elkartuko dira: Jasone Osoro, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Ken Zazpi, Mikel Urdangarin eta abar.
Zuzenekoei dagokionez, karpa iazko toki berberean egongo da, eszenatoki birekin. 70 kontzertu egongo dira, izen handiko taldeekin (Ze Esatek!, Txapelpunk, Seiurte, Hesian), talde hasiberriekin eta Ipar Euskal Herriko zortzi musika talderekin.
Saguganbara txiki eta handien plazan umeentzako eta familientzako jarduera ugari izango dira, eta Plateruena kontzertu handien plaza izango da beste urte batez, handik igaroko baitira Esne Beltza, Iheskide, Jupiter Jon, Sacco, Anari, Irazoki & Lagunak, Audience, Nire, Olatz Zugazti eta Korrontzi. Sarrerak jada salgai daude www.plateruena.eus webgunean eta antzokiko barran.
Irudienea ikus-entzunezkoen plaza ere ekimenez josita izango da bost egunez, eta, erakusleiho izateaz gain, hausnarketa eta iritzi trukaketarako gunea ere izango da.
Szenatokia arte eszenikoen plazan, San Agustin Kulturgunean, Zirko Anabasa izango da nobebade nagusia, abenduaren 8an, Euskal Herriko Zirkuaren lagina ezagutu ahal izango baita. Jose Luis Zumetaren lan bi ere erakusgai egongo dira San Agustinen eta bere lanaren inguruan egindako dokumentala proiektatuko da buklean. Azkenik, inaugurazio ekitaldia eta Argizaiola Sarien ekitaldia ere bertan antolatuko dira, abenduaren 4an eta 5ean, hurrenez hurren.
Kabi@
Kabi@ digitalaren plazaren lehenengo nobedadea aurten bere espazio fisikoa izango da: domo geodesiko baten barnean egongo da, hots, kabi itxura hartuko du, baina bertara sartzeko Landako gunetik igaro beharko da. Eragile ugarik topaketak egingo dituzte Kabi@n, hala nola Euskal Igerrak (euskal instagram komunitateak), Gamerauntsia (bideojokoen euskal komunitatea) edota wikilari euskaldunen bilkura.
Halaber, tailer eta hitzaldi ugari egongo dira gune honetan: irrati estazio bat montatzeko tailerra, hedabideen etorkizunari buruzko mahai ingurua, tabu hitzaldiak eta abar.
Azkenik, Azokak irauten duen bitartean, Azoka TBk emisio jarraitua eskainiko du zuzenean (eta streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunetik).