INFO

‘Memoriaren ibilbideak’ txostenak 36ko gerrako ehunka eraso eta behartutako lan biltzen ditu

‘Memoriaren ibilbideak’ txostena aurkeztu du Lakuak, zeinetan 36ko gerran herritarrek jasandako hainbat eraso biltzen diren. Besteak beste 600 bonbardaketa, behartutako lanak erabili zituzten 100 enpresa edo gudak eman eta 10.000 pertsona zendu ziren 200 leku izendatzen ditu.

‘Memoriaren ibilbideak’ txostena aurkeztu du Lakuak. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Lakuak ‘Memoriaren ibilbideak’ txostena aurkeztu du, non 36ko gerran herritarrek jasan zituzten 600 bonbardaketa inguru biltzen diren. Era berean behartutako lanak erabili zituzten 100 enpresa eta obra publiko zerrendatzen ditu. EAEn guda zibilarekin harremana duten tokien zerrenda zehatza ematen du. Memoria Historikoarenarloko Lehentasunen 2015-16 Oinarri Programan jasotako 12 proiektu estrategikoetako bat da

Gaur egindako agerraldian, Lakuako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Monika Hernando, Gogorako zuzendaria, Aintzane Ezenarro, eta EHUko Historia Garaikideko katedradun eta ikerlanaren zuzendari Joseba Agirreazkuenaga eta Mikel Urquijo izan dira. Bertan azaldu dutenez, txostenak gudak eman ziren 200 bat leku izendatzen ditu, zeintzuetan 10.000 bat lagun hil ziren, Urquijok azaldu duenez. 

Ildo beretik, 600 bonbardaketa biltzen dituen arren, oraindik ikerketa lanetan ari direla azpimarratu du eta zenbaki hau «errez gaindituko dela» nabarmendu.

«Lana tresna garrantzitsu bat da memoriaren guneak ezagutzeko eta antolatzeko eta memoria historikoaren ibilbideak prestatzea bideratuko du», adierazi du Lakuak ohar baten bidez. Azaldu dutenez, txostenak bi ardatz ditu. Alde batetik, «memoria garaikidearen espazio sozial biziak identifikatzea», eta bestetik 36ko gerraren «oroitzapen gune fisikoen errolda bat prestatzea».

Txostenak ez ditu hobiak zerrendatzen, ezta desagertutako pertsonak ere. Era beran, kanpoan utzi dira erbesteratze-bideak ere, eta, bereziki, haurren erbesteratze masiboak, «gerora beste txosten monografiko batean aztergai izan daitezkeelako».