INFO

Bederatzi lagun epaituko dituzte maiatzaren 17tik aurrera, Ekineko kide izatea leporatuta

2010eko irailean Ekineko kide izatearen akusaziopean atxilotu zituzten bederatzi lagunen aurkako epaiketa maiatzaren 17an hasiko da eta ekainaren 2ra arte luzatuko da. Eneko Compains, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Rosa Iriarte, Egoitz Garmendia, Sandra Barrenetxea, Urko Aierbe, Ugaitz Elizaran eta Erika Bilbao dira auzipetuak.

Atxiloketak salatzeko Donostian egin zen manifestazioa. (Lander F. ARROYABE/ARGAZKI PRESS)

Eneko Compains, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Rosa Iriarte, Egoitz Garmendia, Sandra Barrenetxea, Urko Aierbe, Ugaitz Elizaran eta Erika Bilbao epaituko dituzte maiatzaren 17a eta ekainaren 2a bitartean Auzitegi Nazional espainolean, Ekin antolakundeko kide izatea leporatuta.

Bederatzi eta hamalau urte arteko espetxe zigor eskaerei aurre egin beharko diete. 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen Guardia Zibilak eta inkomunikatuta eduki zituzten bitartean «tortura basatiak» jasan zituztela salatu zuten. Ondorioz, epaiketarako fiskalak nahiz akusazio partikularrak haien aurka zigorrak eskatzeko aurkeztu dituzten frogak torturapean lortutako autoinkulpazioetan oinarrituta daudela gogora ekarri dute.

Ohar batean nabarmendu dutenez, epaiketa honek Euskal Herriaren aldeko beren militantzia politikoa zigortzea beste helbururik ez du, «gure aurretik izandakoek eta, zoritxarrez, gurearen ondorenean oraindik geratzen diren bezalako jazarpen prozesuek» bezala.