INFO

2007ko mendeku sarekada auzitara bihar, aro berriari muzin eginez

Auzipetuen kopurua zein espetxe eskaera ikusita, egiteke dauden makroepaiketa politikoetako handiena hasiko da bihar Madrilen. Segurako sarekada oinarri harturik, Batasunako, EAE-ANV zein EHAK-ko 35 kiderentzako hamar urteko eskaera egiten du Fiskaltzak. Abiapuntua, orduko negoziazio prozesuaren bukaeran iragarritako mendekua.


Pernando Barrena, Marije Fullaondo, Patxi Urrutia, Mikel Zubimendi, Nekane Erauskin, Aurore Martin... ezker abertzaleko kide oso ezagunak deitu dituzte bihar Auzitegi Nazionalean agertzera. 04/08 auzia epaituko da hurrengo astea eta hilabeteotan, baina Segurako sarekadaren erreferentzia argigarriagoa da. 2007ko urrian, uda igarota, ekainean iragarritako mendekua gauzatu zuen Estatu espainolak, eta, nazioarteko ordezkariei abisatua zien bezala, era gogor eta zabalean. 23 kide atxilotu zituzten Segurako bilera hartan, eta beste hainbat, aurreko zein ondorengo kolpeetan.

2006ko udazkenean Loiolako elkarrizketen bukaerak utzitako akordiorik ezak amildegi ertzean jarri zuen 2005eko udan Oslon Jose Luis Zapateroren Gobernuak eta ETAk abiatutako negoziazioa. Barajaseko atentatua gertatu zen abenduan eta, aski ezaguna denez, 2007ko maiatzean azken ahalegina egin zen Zurichen, aldi berean lan egin zuten bi mahaitan (ETA eta Gobernuaren artekoa, batetik, eta PSOE eta Batasuna aurrez aurre jarri zituena, bestetik). Honen porrotak eragin larria izan zuen. ETAk ekintza armatuak berrabiatu zituen, eta PSOEren Gobernuak, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa erasoaren lehen lerroan jarrita, «ezker abertzaleak garesti ordainduko du», agindu zuen. ETAren su-etenaren bukaeratik lau egun eskasera Arnaldo Otegi kartzelatu zuten, eta hurrengo sarekadetan orain aulkian esertzekoak direnak zein azkenik epaituak izango ez diren beste zenbait lagun eraman zituzten atxilo, eta gehienak espetxera.

Horrek guztiak oso aspaldikoa dirudi.. eta hala da. PSOEk 2011an galdu zuen Estatu espainoleko agintea. Eta batez ere orduan egindako akatsek ezker abertzalean hausnarketa sakona eta estrategia aldaketa handia eragin zuten 2009-2010ean. Ondorioz, agertoki politiko guztiz berria sortu da, baina oraindik ere «dena ETA da» tesiari nola edo hala eutsi nahi dio Auzitegi Nazionalak. Bai eta PPren Gobernuak berak ere; «Arnaldo Otegi eta gainerakoentzako leku onena espetxea da», ziurtatu zuen joan den astean Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak, bere garaian Jose Maria Aznarren «guzti-guztiek espetxean bukatuko dute» famatua nolabait berretsiz.

Testuinguru honetan dator epaiketa, hauteskunde kanpainaren atarian abiatuko dena, baina espainiar agenda politikotik guztiz alboraturik. Gogoratzekoa da urtarrilaren 12an hastekoa zela baina, auzipetuak Madrilen prest zirela, hainbat abokatu atxilotzeak (presoekiko elkartasunaren aurkako sarekadan) epaiketa bertan behera utzarazi zuela.

35/02ren aurrekaria

Defentsaren aurreikuspenak ez dira onak. Batetik, hor da aurrekaria, 35/02 auzia: 20 espetxe zigor ezartzea eta 111 herriko taberna bahitzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak, Batasuna eta ETAren arteko harremana frogatutzat eman ostean. Bestetik, epaimahaiko buru Concepcion Espejel da, ziur asko Mariano Rajoyren Gobernuarekin lotura estuena duen epailea.

Epaiketan espetxe zigorrak ezarriko balira, noraino gauzatuko liratekeen jakiteko balizko gradu murrizketak ikusi beharko lirateke lehen-lehenik. Herriko tabernen auzia asko luzatu zela-eta arindu egin zituzten, eta oraingo egoera berdintsua da, EHAKrekin lotutako lehen ekinbideak 2005ean egin ziren-eta (duela hamarkada bat, beraz). Gorenak Gasteizko herri harresiko gazteen kasuan ere zigorren murriztea egin berri du (sei urtetik bi urtera), egotzi zaizkien delituak garrantzi gutxikoak izan zirela onetsita.

 

Arnaldo Otegi, testigo el día 16

&discHyphen;Si el calendario previsto para esta primera fase del juicio se cumple, el miércoles 16 de diciembre declarará como testigo Arnaldo Otegi, que sigue preso en Logroño. Ha sido citado por la Fiscalía al igual que otros representantes muy conocidos de la izquierda abertzale, como Rufi Etxeberria, Joseba Álvarez, Joseba Permach, Karmelo Landa, Juan Kruz Aldasoro o Jose Luis Elkoro. Antes del turno de los testigos, desde hoy la palabra la tendrán los acusados, que ya han anunciado en las semanas precedentes que acuden a Madrid a «dejar claro quiénes somos: Hombres y mujeres de paz, que queremos una Euskal Herria libre, independiente y socialista, que luchábamos por ello en 2005, 2006, 2007... y que seguimos en la misma lucha ahora, cada uno en nuestro sitio».R.S.