Abian da Durangoko Azokaren 50. edizioa
Durangoko Azokak zabaldu ditu ateak. Mende erdi bete du aurten eta hori ospatzeko inoiz baino eskaintza handiagoa izango du, bost egunez.
Goizeko 10.30ean ireki ditu ateak Landako guneak eta, horrela, martxan jarri da Azokaren 50. edizioa.
Edizio esanguratsua da aurtengoa, izan ere mende erdia bete baitu Azokak eta hori ospatzeko tamainako esfortzua egin du Gerediaga elkarteak. Hala, inoiz baino eskaintza handiagoa izango dute Durangora gerturatzen direnek.
250 ekitalditik gora antolatu dituzte: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, umeentzako jarduerak, tailerrak, ikuskizunak eta beste. 249 erakustoki egongo dira, iaz baino lau gehiago, eta stand horietan 350 nobedade aurkeztuko dira. Liburu eta diskoetan gorakada eman bada ere, argitalpen elektronikoetan izan da gorakadarik handiena, aurten 18 nobedade aurkeztuko baitira (iaz lau izan ziren).
Ohi bezala, ikasleen eguna da lehenenego hau, bereziki. Landakoko ateak goizean ireki badituzte ere, inaugurazio ofiziala arratsaldeko 19.00etan egingo dute, San Agustin kultur gunean, Szenatokian, Gerediaga elkarteko eta erakundeetako ordezkariekin, eta kultur sortzaileekin.