INFO

Azokaren abaroan, literatura; eduki eta izenen lorratza


Durangoko Azokaren abaroan, naro dator literatur eskaintza. Izen potolo, pisuzkoekin, jantzi dituzte argitaletxe gehienek beren salmahaiak. Liburu azalen barrenetan, papera baino, mamia izango da, ordea, aurten literaturan. Zer erosi, zer eskuratu, irakurketan zerk gogobeteko duen ez dakienarentzat, hurrengo lerroetan gomendio batzuk.

Berri-berrienetik hasita, oraindik inprentako paper eta kola usainarekin eskuragarri izango da Ramon Saizarbitoriaren “Lili eta biok” (Erein), “Martutene”-ren ondoren ondutako lana. Anjel Lertxundiren “Zu” (Erein), narrazio gordina, minbiziak jota dagoen emaztearen inguruan eraikitako kontakizun ausarta (eta gogorra).

Toti Martinez de Lezearengana jotzen duenak, ziur asko, ilaran itxaron beharko du aurten ere etxera liburu sinatu batekin itzultzeko. “Lurpean gordea” (Erein) da bere azkena, lehenengo aldiz historia garaikidean kokatutakoa, 36ko gerra eta beldurrak ekarritako isiltasuna habe nagusi hartzen dituena.

Ipuin bilduma nahi duenarentzat, Harkaitz Canoren “Beti oporretan” (Susa), betiko Cano akaso. Edo irakurketa berriztu eta espontaneoa probatzeko prest denarentzat, Jasone Osororen “12etan bermuta” (Elkar); irakurketa azkarrean paisaia emozional bat. Azken hamarkadetako hondamendiez ari da Xabier Montoia –“Hondamendia” (Elkar)– gogoeta sakon batekin, eta “Hiri hondakin solidoak” (Txalaparta) lanarekin izango da Durangon Jon Alonso. Gazte literaturara gerturatu den berriena, Fermin Etxegoien, “Urpekariak” (Erein). Saiakeran, Patziku Perurenaren “Hilen xarma” (Elkar). Poesian, nabarmenenak, Tere Irastortzaren “Mundua betetzen zenuten” (Pamiela) –bihar GARAko literatur orrietan–, Juan Kruz Igerabideren “Emeki setiaturik” (Erein), Karmele Jaioren “Orain hilak ditugu” (Elkar) eta Goizalde Landabasoren “Babeserako kopia” (Elkar). Eta ez esan gero aukerarik ez dagoenik...