INFO

Editore ofizioaren argiak eta ilunak

Txalapartako Mikel Sotok gogoratu digun bezala, editore ofizioa aipatu eta askori filmetako irudiak etortzen zaizkie gogora: gizon bat besaulki batean eserita, ondoan kopa bat koñak duela, eskuizkribu bat irakurtzen eta tarteka algarak eginez. Beste askori editoreen ofizioa aipatu eta haien inguruan dagoen legenda beltza etortzen zaie burura eta berehala hasten dira irakurri eta atzera bota zituzten maisulanak zerrendatzen.

Luis Jauregialtzo | Argazki Press

Eskuizkribuak irakurtzea editoreen lana da, baina ez bakarra. Beren gain dute idazleekiko harremanak zaindu eta idazten ari diren lanaz arduratzea ere. Edonola ere, liburua kaleratzen denean, maketatzaile, argazkilari eta azalaren egileak agertzen dira. Editorearen izenik, ordea, ez. Asko hitz egiten da idazleen ofizioaz eta oso gutxi editoreenaz.

Carlos Barralek, esate baterako, Garcia Marquezen “Cien años de soledad” baztertu egin zuen eta Argentinako argitaletxe batean kaleratu zuen liburua idazle kolonbiarrak. Gallimard etxeko editore zela, Marcel Prousten “Denbora galduaren bila” irakurri eta baztertu egin zuen Andre Gidek. Ez zen bakarra izan, beste hainbatek gaitzetsi zuten obra hori. Editore horietako batek ohar hau idatzi zion bazter batean Prousti: «Ez dakit zertarako behar dituzun 30 orrialde tipo bat ohean jarreraz aldatuta lo egiteko eroso jarri dela adierazteko».

Kasu gehiago daude, noski: “Harry Porter” ezagunak dozena bat ezezko jaso zituen argitaratu ahal izan baino lehen. Bloomsbury argitaletxeko jabearen 8 urteko alabak eskatu zion azkenean aitari obra hori mesedez argitaratzeko. Agatha Christie, Golding, Joyce, Le Carre, Nabokov…. eta beste asko daude ezezkoak jaso zituzten idazleen zerrendan. Doris Lessingek bere lan bat bidali zuen argitaletxe ezberdinetara beste izen bat erabiliz eta guztiek atzera bota zioten.

Zenbat eskuizkribu irakurtzen dituzte editoreek? Nolakoa da ezetza emateko unea? Zein dira editore ofizioak ematen dizkien unerik gozoenak? Nolakoak dira idazleekin dituzten harremanak? Hemingwayren editoreak, Maxwell Perkinsek, idazleari arrantzarako trepetak ere berak erosten omen zizkion, eta, dibortzioak etorri zirenean, bera arduratzen zen emazte ohiekin negoziatzeaz. Bennet Cerfek (Joyceren AEBetako editoreak) lehen aldiz Gertrude Stein Paristik New Yorkera eraman zuenean, hoteletan gosaltzeko croissantik ez zutela jartzen-eta, goizera Manhattango okindegi frantziar bakarrera joan beharra izaten zuen gutizia horren bila. Hain adeitsuak al dira gure editoreak idazleekin?

Famatua izan zen era berean Thomas Bernharden eta bere editorearen arteko harremana. Migel Sanchez Ostizek idazle austriarrari buruz idatzi zuen liburuak aipatzen du gaia: behin eta berriz haserretzen ziren, eteten zituzten harremanak, eta bazkari baten bueltan adiskidetzen ziren berriro, segidan berriro haserretzeko. Harreman korapilatsu horren lekuko egun argitaratuta dauden 800 bat gutun gelditu ziren. Gure editoreek ba al dute horrelako eroapenik? Noski, ez dituzte beharbada aurrean Bernhard bezalako jenioak ere. Gai hauen inguruan aritu gara Txalaparta, Elkar, Erein eta Susako editoreekin.