Euskal kulturaren ikusgarritasuna hizpide Durangon
Eguraldia lagun, larunbat honetan jendetza batzea espero dute antolatzaileek Durangoko Azokan. Gerediaga elkartearen sortzaileek jasoko dute iluntzean aurtengo Argizaiola Saria.
Gogoetaren Plazaren lehenengo eguna izango da gaur Durangoko Azokako Areto Nagusian. Jakin eta Gerediagaren arteko lankidetzaz antolaturiko ekimenean «euskal kulturaren ikusgarritasuna» izango dute larunbat honetan hizpide. Goizean Andoni Egaña eta Asisko Urmeneta arituko dira eta arratsaldean berriz, Eider Rodriguez, Fermin Etxegoien eta Koldo Almandoz.
Kabia gunean «bideo-joko ekaitza» izan da 10.30etan, Gamerauntsiaren eskutik eta Irudienean 19.00etan, Asier Altunaren Amama film arrakastatsua proiektatuko dute.
Bestalde, Ahotsenearen zuzenekoen Lain, Xutik, Arkada Social, Eratu eta Hesian bezalako taldeak elkartuko dira. Solasaldietan, ostera, Bernardo Atxaga, Iñaki Petxarroman, Gotzon Barandiaran eta Jasone Osoro izango dira
Szenatokiaren kasuan, Euskal Herriko hainbat antzerki eskolen topagunea izango da 12.00etatik aurrera. Iluntzean, Argizaiola Sariak banatuko dira, Karrika Antzerki Taldeak gidatutako ekitaldi oso berezi batean. Aurten Gerediagako sortzaileek jasoko dute Argizaiola. 20.00etan hasiko da, San Agustin Kulturgunean.
Gauero bezala, eguna Plateruenan amaituko da. Iheskide taldeak bere azken lana aurkeztuko du 23.00etatik aurrera.