Kanta bat grabatu eta bideoklipa egiteko diru bilketa abiatu du ‘Free Otegi, free them all’ ekimenak
Euskal Herriko zenbait musikari, abeslari eta artista batu ditu ‘Free Otegi, free them all’ kanpainak, bere aldarrikapena mundu osoan zehar zabalduko duen kanta grabatu eta haren bideoklipa egiteko. Helburua gauzatzeko, «crowdfunding» bitartez dirua biltzeko ekimena abiatu dute.
«Hitzaren aldeko apustua egiteagatik preso dagoen ahots bat isildu nahi izan dutenei erantzun nahi zaie, hainbat ahotsen batasunarekin, hitzez eta kantuz». Hitz hauek erabiliz aurkeztu du ‘Free Otegi, free them all’ kanpainak egin asmo duen pauso berria.
Euskal Herriko hainbat musikari, abeslari eta artista batu dituzte, guztien artean abesti bat grabatzeko eta mundu osoan zehar zabalduko duten bideoklip bat egiteko. Dagoeneko bilduta daukate talde artistiko eta teknikoa.
Konposizio eta produkzio lanetan Joserra Senperena arituko da. Kantaren letra Edorta Jimenez idazleak egin du eta kantuan honakoak arituko dira: Sorkun Rubia, Ines Osinaga (Gose), Furia, Maite Arroitajauregi (Mursego), Joseba Tapia, Francis Diez (Doctor Deseo), Niko Etxart, Unai Iturriaga, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), Asier Serrano, Xabi Solano (Esne Beltza), Jon Gurrutxaga, Uxue Alberdi, Oier Aranzabal (Lou Topet) eta Petti. Estudioko musikarien artean Rafa Rueda, Karlos Aranzegi, Migel Artieda eta Iñigo Egia izango dira.
Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egingo duten kanta ohiko bideetatik zein sarearen bitartez zabalduko dute.
Ekimena aurrera eraman ahal izateko diru bilketa abiatu dute Karena plataformaren bitartez.