INFO
Entrevista
PATXIKU GUIMON
LORENTXA GUIMON EUSKAL PRESOAREN NEBA

«Lorentxaren egoera oso larria da, barrutik usteltzen ari da, zinez»

Crohn-en gaixotasunaren ondorioz egoera larrian den Lorentxa Guimoni baldintzapeko askatasuna onartu zion Pariseko Auzitegiak azaroaren 24an, baina fiskaltzak helegitea aurkeztu, eta urtarrilaren 14an aztertuko dute berriz auzia. Azken hilabete eta erdian bi aldiz urgentziaz ospitaleratua izan da. Abenduaren 29an itzuli zen Renneseko kartzelara.


Lorentxa Guimoni 1991n diagnostikatu zioten digestio aparatuan eragiten duen Crohn-en gaixotasun kronikoa. 2003. urtetik kartzelan dago, eta azken urteotan bere osasun egoerak okerrera egin du nabarmen. Patxiku Guimonek bere arrebaren hitzak euskal gizarteari helarazi nahi izan dizkio elkarrizketa honen bitartez; Lorentxaren haserrearen eta egoeraren larritasunaren berri eman du. Bere izenean ez ezik, bere senide diren Mirentxu eta Carmenen izenean ere hartu du hitza.

Lorentxa azaroaren 24an eta abenduaren 17an urgentziaz ospitaleratua izan zen. Nola dago orain?

Bere egoera gaur egun, jakinez kartzela ez dela batere konpatiblea medikuntzarekin, larria da. Barrutik usteltzen ari da, bere gorputza usteltzen ari da. Hitz horrek daukan esanahiarekin.

Bere egoera asko okertu da 2013tik hona. Presondegian izaten ari den tratamendu ezegokiarengatik dela uste duzu?

Dudarik gabe. Edonor kartzelan egonda gaixorik egon daiteke, besterik ez, ez delako konpatiblea mediku tratamenduarekin, ezin da sendatua izan. Kartzelan bakarrik eror zaitezke zauden baino okerrago. Dena sendatzen dute aspirina batekin. Tratamendu berezia galdetzen duen gaitz bat dauka, ordea; eta medikuak etengabe aldatzen dira, diagnostikoak beti aldatzen dira. Usteltzen ari da zinez.

Azken hilabeteotako bigarren krisiaren ondoren, abenduaren 29an Renneseko kartzelara eraman zuten.

Esan dute ospitaletik atera dutela kartzelara eramateko; berez ez da horrela pasatu. Ez da joan sendatu dutelako, edo ondo tratatu dutelako. Ospitalean kartzelan baino okerrago zegoelako joan da. Ez ziotelako janaririk ematen, ez zuelako inor ikusten, ez mediku, ez erizain, ez inor. Hogei minutuko patioa zeukan, zigarro bat erretzeko besterik ez. Eta beste ezer ez.

Nolakoa zen egoera?

Ez zioten ematen janaririk, oso gutxi ematen zioten. Berak galdetzen zuen etengabe aspirina bat, bere buruko minarentzako eta besteentzat, eta proposatzen zioten morfina lokarrarazteko, eta berak ez zuen nahi. Jarrera txarra... ez, ezin da bestelakorik izan kartzelan zaudenean. Gaixorik dauden munduko preso guztiak ezin dira sendatuak izan kartzelan, ez da konpatiblea!

Bateraezintasun hori zure arrebaren kasuan agerikoa omen da, bere gaixotasunaren ezaugarriak direla-eta. Berez epaileak baldintzapeko askatasuna eman zion, baina fiskaltzak berehala helegitea aurkeztu zuen. Nola hartu du berak?

Ez du ulertzen, haserre dago. Eta gero, kartzelan dago.

Eta zuek nola hartu duzue?

Guk hartzen dugu berria… Frantses Estatuak du Lorentxa askatuko, bere esku dago. Gaur egun egoera horretan dago. Aterako denean pozik egongo gara, eta ateratzen ez den bitartean gurea eramango dugu hala edo nola.

Helegitea aztertzeko saioa urtarrilaren 14an izango da.

Bai, momentuz epaiketaren erantzunaren zain dago. Erabakia bi hilabetean eman dezakete gutxi gorabehera. Bitartean epaitegiak kontra-txosten mediko bat galdetu dezake, eta horrek luzatzen ahal du gehiago erantzuna.

Lorentxak aukerarik ikusten al du epai berri honetan?

Ez dauka itxaropenik frantses Estatuarengan. Eskaera egin du, noski, lortzeko, frantses Estatuak onartzeko, baina agintarien esku denez bakarrik, aterako denean poztuko gara, baina ezin dugu ezer espero Estatuaren partetik.

Momentuz behintzat, gure familian makilak bakarrik jaso ditugu, eta orduan horretan darraigu. Larunbatean manifestazio bat izango da Baionan eta Bilbon presoen egoera salatzeko, askatasuna eskatzeko. Eskertzekoa da euskal gizartearen jestu hori, dudarik gabe. Baina pentsatzen dut ogi beltza jaten dutenek, kartzelan preso daudenek egunero jaten dute ogi beltza, eta ez dutela beren tripa asetzen horrekin. Hortik etorri beharko litzateke itxaropena, gure gizartearen engaiamendutik, edo ametsetatik ere etor daiteke.

Zer itxoiten dugun frantses Estatuarengandik edo espainiar Estatuarengandik? Ezer ez. Euskal gizartearen partetik, agian gehiago, edo agian itxaropena izan dezakegu.

Ipar Euskal Herrian norbanakoez gain, zure arrebari espektro politiko osoko hautetsiengandik heldu zaizkio sostenguak. Atzo Bake Bideak-en eskutik egin zen agerraldian bere egoeraren aipamen zuzena egin zuten. Lagungarria al zaizue? Eta berari?

Ez dakit badakien, azken berriak baitira horiek. Gure familiaren partez, oso ondo, eskertzekoa da, baina ez dugu ezer ez itxoiten. Oso ondo dago konprometitzea, esatea zerbait. Baina...

Gatazka politikoaren konponbidetik kanpo gizatasun mailatik ere heltzen ari zaio eskaerari. Ikuspegi horretatik eragina izan dezakeela uste duzu?

Nola nahi duzu zerbait itxoitea? Gizatasun kontuez zabiltzanean, sentimendurik ez dagoen toki batetik zaila da zerbait jasotzea. Gero, beste kasu batzuk ere badaude tamalgarriak, lotsagarriak. Nola atxiki dezakete Susper [Ibon Fernandez Iradi] kartzelan, dagoen egoera ikusirik. Nola? Gizatasuna frantses agintarien partetik ez dut itxoiten. Ez dut uste bidea denik; euskal gizartetik edo hautetsiak tarteko, bai. Umiltasunez diot hori guztia.

Lorentxa gaixorik dago, gizatasunaren izenean, aspalditik kalean egon beharko litzateke. Susper oso ahul dago, gizatasuna dela baldin badiogu, zer demontre egiten du kartzelan? Eta hori beste gizaseme eta emazte askoren kasua da.