Azken 250 urteetako Donostiako euskararen bilakaera ikertuko dute
Euskararen Historia Soziala lantzeko eredu metodologikoa hizpide izan da gaur Donostian egin den jardunaldian, Euskaltzaindiak, Donostia 2016 Fundazioak eta Kutxa Fundazioak antolatuta. Adierazi dutenez, metodologia hori oinarri hartuta, azken 250 urteotan Donostiako euskararen bilakaera ikertuko dute.
Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean egin den jardunaldian ‘Euskararen Historia Soziala lantzeko eredu metodologikoa’ liburua ere aurkeztu dute hedabideen aurrean aipatu hiru erakundeok, eta ondoren gaiari buruzko mintegia burutu da.
Andres Urrutia euskaltzainburuak, Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak, Antonio Campos Kutxa Fundazioaren ordezkariak eta Mikel Zalbide Euskararen Historia Soziala egitasmoaren zuzendariak aurkeztu dute liburua. Jarrain egin den mintegian, aurrekoekin batera, Lionel Jolyk eta Nikolas Gardnerrek hartu dute parte.
2007. urtean abiatu zen Euskararen Historia Soziala (EHS) edo Joanes Etxeberri egitasmoa. Berariazko txostena aurkeztu zuen Joseba Intxausti ohorezko euskaltzainak, eta egitasmoa aurrera eramatea erabaki zuen Euskaltzaindiak, Joseba Intxausti bera proiektuaren zuzendari izendatuz. Gaur egun Mikel Zalbide euskaltzaina da proiektuaren zuzendari.
‘Euskararen Historia Soziala lantzeko eredu metodologikoa’ liburua Euskaltzaindiaren Euskararen Historia Soziala egitasmoa aurrera daramaten Mikel Zalbidek, Lionel Jolyk eta Nikolas Gardnerrek idatzi dute. Metodologia liburua da, eta hizkuntza soziologiaren eta soziolinguistikaren teorietan oinarritzen da, batez ere, metodologia hori. Hizkuntzen gizarte dimentsioaren historia aztertzeko prestatu da berariaz.
Liburuak 750 orrialde ditu eta Euskaltzaindiaren ‘Etxeberri’ bildumaren 6. zenbakia da. Hizkuntzen Historia Soziala oro har, eta Euskararen Historia Soziala bereziki, lantzeko bide egituratua –bide egituratu posibleetariko bat– azaltzen da bertan. Proposamen teoriko-metodologiko hori osatzeko, nazioarteko testuinguru epistemologikoa berariaz aztertu dute autoreek.
Azken 50 urteotan komunitate zientifikoak onartuak dituen kontzeptu garrantzitsu eta esanguratsuenak modelo teoriko bakar batera biltzeko saiakera izan nahi du liburuak. Lehenaldia ez ezik, orainaldia aztertzeko orduan ere baliagarri izan daiteke: hots, kontaktuan dauden hizkuntza biren edo gehiagoren egoera soziolinguistikoa ahalik eta modu egituratuenean deskribatzeko balio dezake.
«Aitzindaria»
Jardunaldian adierazi dutenez, Hizkuntzen Historia Sozialaren ikerketa alorra gorako bidean dator azken urteotan, eta Euskaltzaindiak berariazko bilduma, ‘Etxeberri’ izenekoa, eskaini dio. Hala ere, tresna teoriko-metodologiko mugatuak sortu eta erabili dituzte han-hemengo ikertzaileek, orain arte. Zenbait motibo direla medio, ez dago oraindik aho batez onarturiko jarduera molde oinarrizkorik Hizkuntzen Historia sozialaren ikerketa alorrean, hots, ez dago metodologiarik edo modelo zabal onarturik, aldian aldiko ikerketak modu egituratuan eta adostuan burutzeko.
Hala, bada, han-hemen sakabanatuta dauden kontzeptu eta teoria diferenteak aztertzeari ekin zaio ‘Euskararen Historia Soziala lantzeko eredu metodologikoa’ osatzeko orduan. Hiru egileen ustez, proposatutako modelo teoriko-metodologikoa «aitzindaria» da. Euren hitzetan, «gure behinolako egoera historikoak aztertzeko ez ezik, gaur eguneko analisi soziolinguistikoak egiteko ere proposamen teoriko-metodologiko hau oso lagungarri izan daiteke».
Hau guztia azaldu da gero egin den mintegian. Elkarte, erakunde, euskaltzain eta soziolinguistikan adituei zuzenduta egon da eta bertan, ‘Euskararen Historia Soziala lantzeko eredu metodologikoa’ liburuaren egileek lanaren nondik norakoa azaldu dute.
Mikel Zalbidek sarrera orokorra egin du, liburuaren eta metodologiaren xehetasunak emanez. Ondoren, liburua nazioarteko ikerkuntzaren testuinguruan kokatu du Lionel Jolyk eta proiektuan lan egiteko hautatu den modua azaldu du.
Horren ostean, Mikel Zalbidek berriro hartu du hitza, eredu teoriko-metodologikoaren bizkar hezurra azaltzeko; zenbait adibide eskaini du. Bestalde, Nikolas Gardnerrek proiekturako berariaz osatu den aplikazio informatikoa aurkeztu du. Liburu hau osatzen duten kapituluak azaldu dira gero.