Baionako Suprefeturan kateatu dira bederatzi lagun, Lorentxa Guimonen askatasuna eskatzeko
Bederatzi pertsona Baionako Suprefeturako hesian kateatu dira eguerdian, Lorentxa Guimonen askatasuna aldarrikatzeko. Poliziak, kateak moztu ondoren, jaitsiarazi egin ditu eta komisariara eraman ditu. Arratsaldean aske utzi dituzte.
Eguerdiko 12.30 aldera bederatzi lagun Baionako Suprefeturaren egoitzako kanpoaldeko hesira igo eta kateatu egin dira, Lorentxa Guimonen askatasuna aldarrikatzen duen pankarta zabaltzearekin batera.
Sostengua adieraztera hainbat lagun hurbildu dira eta beste pankarta bat zabaldu dute, gaixorik dauden presoen askatasuna eskatzeko.
Ordu erdiren buruan Poliziak banan bana kateak mozteari ekin dio, jaitsiarazi ditu eta furgonetatan sartu ondoren komisariara eraman dituzte. Ez da istilurik izan. 18.00ak aldera, aske utzi dituzte.