Zumarragako Arcelorreko langileak 24 orduko lanuztea egiten ari dira
Arcelorrek Zumarragan duen lantegiko beharginak 24 orduko lanuztea egiten ari dira, euren lanpostuak defendatzeko. Goizean egin duten batzarrean astelehenean zuzendaritzak Donostian deitu duen bilerara joatea erabaki dute. Ondoren, Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dute.
Arcelorreko langileek batzarra egin dute Zumarragako lantegian goizean goiz eta 24 orduko lanuztea hasi dute, multinazionalaren zuzendaritzari enpresa itxi ez dezala exijitzeko egiten ari diren mobilizazioen baitan.
Batzarrean erabaki dute astelehenean zuzendaritzak Donostian deitu duen bilerara joango direla langileen ordezkariak. Bi bilera bertan behera geratu dira azken egunotan, enpresa batzordea eta zuzendaritza ez zirelako ados jartzen tokiaren inguruan. Langileek beti egin ohi duten bezala lantegian bertan egitea nahi zuten, baina enpresak Donostian egitea nahi zuen, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan.
Zuzendaritzak astelehenean beste bilera bat deitu du Donostian, eta langileen asanbleak joatea erabaki du gaurko batzarrean. Bilera egin bitartean elkarretaratzea egingo dute.
Foru Aldundiaren aurrean
Goizeko batzarraren ondoren Donostiara joan dira langileak eta Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea zaratatsua egin dute. Zumarragako alkatea, Mikel Serrano (PSE), bertan izan da babesa adierazteko.
Markel Olano diputu nagusiak langileen ordezkaritza bat hartu du.