INFO

Mozal Legearen aurkako ekimen desberdinak egingo dituzte Donostian, larunbatetik aurrera

Eleak/Libre dinamikak antolatuta, ekimen desberdinez osatutako Mozal Legearen aurkako astea abiatuko dute Donostian, larunbatean.


Donostiako Udaletxean eginiko agerraldi batean, III. Libre Topaketak ekimena aurkeztu du Eleak/Libre dinamikak, Mozal Legearen aurkako ekimen desberdinak bildu dituena.

Salatu dutenez, Herritarren Segurtasunerako Lege gisa ezagutzen denak «babesgabetasun egoera handiagoan uzten du errepresioa jasotzen duen pertsona». Azken urteotan garatu diren protesta zein mobilizazio moduen aurka beren beregi diseinatutako araua dela gogor gaitzetsi dute.

Hori dela, eta Donostiako Bulebarrean egin zen Aske Gunearen hirugarren urteurrenaren harira, apirilaren 9tik 16ra, III. Libre Topaketak antolatu dituzte, Mozal Legearen aurkako astea osatzu.

Lehen ekimena larunbatean egingo da, arratsaldeko 20.00etan, sei kilometroko ibilbidean egingo duten Libre Lasterketarekin.

Beste zita garrantzitsu bat hilaren 16an izango da, arratsaldeko 18.00etan, Bulebarretik Teresa de Calcuta plazako epaitegietara giza katea egingo baitute.

Horrez gain, hitzaldi eta mahainguru desberdinak antolatu dituzte.