Nathalie Van Duten heriotza eta indarkeria matxista salatu dituzte Bidarten
Elkarretaratzea egin dute Bidarten, ustez senarrak emandako jipoiaren ondorioz hil zen Nathalie Van Duten heriotza eta emakumeen aurkako indarkeria matxista salatzeko.
«Sexismoak hiltzen gaitu» euskaraz eta frantsesez zioen pankartarekin, elkarretaratzea egin dute Bidarten, Nathalie Van Dut 34 urteko emakumearen hilketa salatzeko.
Van Dut asteazken gauean hil zen Baionako ospitalean, ustez senarrak emandako jipoiak eragindako zaurien ondorioz. Alain Pignot bere senarrak bere burua hil zuen ondoren, fiskalaren hipotesi nagusiaren arabera.
Senar-emazteak astelehenean aurkitu zituzten Bidarteko Bassilour industriagunean. Gizona urkatuta topatu zuten eta haren ondoan emaztea, indarkeria zantzuekin, hilzorian. Baionako ospitalera eraman zuten, baina hil egin zen.