INFO

Hiru obra geldiarazi dituzte Donibane Lohizunen eta Hendaian, lan legedia urratzeagatik

Pirinio Atlantikoetako prefetak hiru obra geldiarazi ditu Donibane Lohizunen eta Hendaian, Goizuetako Estructuras enpresako hamabi langile Gizarte-Segurantzan erregistratu gabe lanean ari zirelako.


Hendaian egoitza duen Goizuetako Estructuras enpresako hamabi langile Estatu frantseseko Gizarte-Segurantzan erregistratu gabe lanean ari zirela ohartu da lan ikuskaria eta, ondorioz, enpresa horren jarduera geldiarazi du Pirinio Atlantikoetako prefetak, Kazeta.eus atariak berri eman duenez.

Hala, enpresa horrek Donibane Lohizunen eta Hendaian egiten ari zen hiru obra behin behinean gelditu ditu, lan legedia urratzen duela-eta. Gainera, bi hilabetez kontratu administratiborik ez dute izango.

Erabakiak lan desleialaren kontra borrokatzeko 2014an onartu ziren legeak erabiliz hartu ditu prefetak. Arau horiek isunak jartzeko eskumena ematen diote, eta obralari zein obren kontratatzaileak lege hausteen arduradun egiten ditu.