INFO

Manifestazioa deitu du Kontseiluak ekainaren 4an Iruñean, euskararen aldeko neurri ausartak eskatzeko

‘Bide eman euskarari. euskaraz bizi nahi dugu’ lelopean manifestazioa antolatu du Kontseiluak heldu den ekainaren 4rako, Iruñean.

Paul Bilbaok eta Kontseiluko bazkideen ordezkariek aurkeztu dute ekaineko manifestazioa. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak aurkeztu du Iruñean ekainaren 4rako deitu duten manifestazioa, hainbat bazkideren ordezkarik lagunduta.

Mobilizazioarekin «euskarari bide eman behar zaiola neurri ausartak hartuz» aldarrikatuko dute. Azaldu duenez, ekimena ez da isolatua izango, planteamendu oso baten baitakoa baizik, «datozen urteotan behar den aldaketa eman dadin».

Nafarroan euskararen normalizazio prozesuan 2009tik hona izan den ibilbideari errepasoa egin dio Bilbaok, eta urte hartan UPNren Gobernuak euskarari «eman zion zartakoa»ren ondotik euskaltzaleak «nahi baino gehiagotan» kalera atera behar izan dutela gogora ekarri du.

2015ean, Gobernu berriarekin, aldaketa beharrezkoa zela argi zuen Kontseiluak baina «hizki larriz idatzitako aldaketa izatekotan euskaratik eman behar zela» aldarrikatu zuen. Hala, hizkuntza-politika garatzeko hamahiru proposamen helarazi zizkien aldaketaren bueltan zeuden alderdiei.

Kontseiluaren ustez, gaur egun oraindik «kalera ateratzeko hamaika arrazoi» daude.

«Euskarari bide eman behar zaio, neurri ausartak hartuz. Hizkuntza-politika eragingarri batek emango dio bide euskarari: corpus juridiko egokia, plangintza eragingarriak eta baliabide egokiak eta egoki kudeatuak. Jauzia egiteko garaia dela uste dugu», nabarmendu du.

Kontseiluaren iritziz, «bestelako neurriak hartuak egon zitezken, besteak beste, euskararen desagertzea eragiten zuen 29/2003 dekretua, etab».

Nafarroako Administrazioa euskalduntzeko plangintza abian jartzea ere ezinbestekotzat jo du, eta baliabideei dagokienez, «jauzia eman behar delakoan» dago.

Horregatik guztiagatik, ekainaren 4an «neurri eragingarriagoak hartzeko eta euskarari bide emateko» eskatuko du Iruñean.