INFO

Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak salatzeko ekimena egin du Aitzinak

Euskal presoei aplikatzen zaizkien «salbuespeneko presondegiratze baldintzak eta senideentzako zigor erantsia den dispertsioa» salatzeko, «Begipean zaituztegu» lelopeko afixak jarri ditu Aitzina gazte erakundeak suprefekturan, Espainiako kontsulatuan eta PS zein Les Republicains alderdien egoitzetan.

«Begipean zaituztegu!» leloa duten afixak, PSren egoitzan.

«Begipean zaituztegu!» lelopean, euskal presoen aldeko ekimena egin du Aitzina gazte erakundeak, aldarri hori zeukaten afixak suprefekturan, Espainiako kontsulatuan eta PS zein Les Republicains alderdien egoitzetan jarriz.

«‘Begipean zaituztegu’ aldarria ez da ‘begia begi truk’ mehatxuaren sinonimo», azpimarratu dute ohar bidez, azalduz ez dizkiotela «inori opa euskal preso politikoei aplikatzen dizkieten salbuespeneko presondegiratze baldintzak eta senideentzako ere zigor erantsia den dispertsioa». Aipatu erakunde eta alderdiak, baina, euskal presoei ezartzen zaien «espetxe politika kriminalaren» arduradun jo dituzte eta horregatik adierazi «begipean» dituztela.

«Aspaldidanik ditugu begiak zabalik, pasibo nahi duzuen gazteria hau, aspaldidanik engaiatu baita euskal preso politikoen etxeratzearen eta gatazkaren konponbidearen alde», esan du gazte erakundeak.

PSri gogorarazi diote «Espainiaren jarrerarekin lerrotaturik» presondegietako baldintzak gogortu dituela eta, hein berean, Les Repiblicains alderdia kritikatu dute, «boterean egon denean ez diolako inolako konponbiderik eman euskal preso politikoen auziari».

Estatu espainiarrari egotzi diote konponbidea trabatzea. «Europatik epai irmoak iritsi ezean, Espainiak preso eriak edo zigorraren hiru laurdenak beteta legez aske egon behar luketenak ere presondegietan ustelduarazi nahi ditu», gaineratu du Aitzinak.

Era berean, Fresnesen gose greban dauden euskal presoei elkartasuna adierazi diete eta Itziar Moreno jasaten ari den isolamendu egoera bertan behera uzteko galdegin dute.