INFO

4.000tik gora gipuzkoarrek jarri diote helegitea erraustegiaren ingurumen baimenari

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko Asanbladaren ekimenez, 4.000 helegite baino gehiago erregistratu dituzte herritarrek Lakuako Gobernuak Zubietako errauste planta egiteko emandako ingurumen baimenaren aurka.

Erraustegiaren aurkako giza katea, Kontxako hondartzan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Erraustegiaren proiektuari emandako baimenaren aurka aurkeztu diren 4.000 gora jotzeko errekurtsoez gain, norbanakoek beraien kabuz erregistratutakoak ere kontuan hartu behar direla azpimarratu du asanbladak. Gainera, 20 bat udalek eta hainbat elkartek ere helegite administratiboak aurkeztu dituztela adierazi dute.

Atzo bukatu zen errekurtsoak aurkezteko epea eta, jakinarazi dutenez, Lakuak Donostiako Andia kalean duen egoitza «kolapsatu» egin zen helegiteen erregistroarengatik.

2016ko apirilaren 11ko ebazpena eman zenerako, proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena eta ingurumenaren baimen bateratua iraungita zeudela da errekurtsoaren funtsa.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak azpimarratu du hiru egunetan milaka errekurtso erregistratu izanak erakusten duela «gero eta gehiago» direla erraustegiaren aurka «jarrera aktiboa» hartzen ari diren herritarrak.

Azkenik, maiatzaren 29an erraustegiaren aurka egingo den giza katerako deia egin dute.