Ekainaren 5eko galdeketa babesteko 9.000tik gora sinadura Debagoienean eta Aramaion
Ekainaren 5ean egingo duten herri galdeketari begira egin duten sinadura bilketak sustengu handia bildu du eta, bi hilabetetan, 9.139 sinadura lortu dituzte Debagoienean eta Aramaion, hitzorduari «indarrez eta konfidantzaz heltzeko».
«Izan nahi al duzu euskal estatu independiente bateko herritar?». Horixe izango da ekainaren 5ean Debagoieneko eta Aramaioko herritarrei egingo zaien itauna eta, galdeketa hura babesteko Erain Debagoiena plataformak egindako sinadura bilketan 9.139 babes lortu dituzte.
«Babes handia da hori gure ekimenarentzat eta, zuen bultzadari esker, indarrez eta konfidantzaz helduko diogu ekainaren 5eko herri galdeketari», azpimarratu dute.
Egun horretan bozkatzerik izango ez dutenek, maiatzaren 21etik ekainaren 4ra bitarte Gure Esku Dago eta Erain lokaletan eman ahalko da botoa, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 18.30etik 20.30era bitarte, eta asteburuetan goizez ere bai.
Ekainaren 5ean, goizeko 9.00etatik arratsaldeko 20.00ak arte egongo dira boto kutxak irekita.
Botoa emateko paperekin batera, egunari begirako informazioa biltzen duen orriak etxerik etxe banatuko dituzte.
Horrez gain, hitzaldi, mahainguru eta bestelako ekimen andana prestatu dituzte ekainaren 5ari begira motorrak berotzen joateko.
Egun hori ez da Debagoienean eta Aramaion bakarrik berezia izango, izan ere, guztira 34 herritan egingo baita galdeketa. Hau da, 150.000 herritar daude botoa ematera deituak.