Lan erreformaren aurka, petrolio findegien blokeoak ugaritu egin dira
Gasolindegi askotan erregai murrizketak daude petrolio findegi eta biltegi gehienetan jarduera eten delako. Gobernuak blokeoari amaiera emango diela agindu du. Bitartean, sindikatuek mobilizazio eta lanuzte gehiago iragarri dituzte, hurrengoa ostegunean bertan.
Lan kodearen erreformaren inguruan Pariseko gobernuak eta sindikatuek daramaten norgehiagokak ez du etenik. Joan den astean hasi ziren petrolio findegiak blokeatzen, eta, atzo, estatuan dauden zortzi findegietatik sei halaxe zeuden, Emmanuel Lepine CGTko ordezkariak esan zuenez. Horrez gain, hainbat erregai biltegitan ere, langileek grebari ekin diotelako edota kamioilariek sarbideak itxi dituztelako, funtzionamendua etenda dago.
Ondorioz, laster erregaiaren falta izango dela-eta duela egun batzuk azaldutako kezka hedatzen joan da. Alain Vidalis Garraioen estatu idazkariak berak adierazitakoaren arabera, hainbat gasolindegitan, batik bat ipar eta mendebaldekoetan, Paris aldekoetan eta Midi-Pyrenees erregiokoetan, murrizketak egiten hasi dira.
Horren beldurrez, jendea trumilka ari da joaten gasolindegietara erregaiz hornitzera eta leku batzuetan, Bretainia aldean adibidez, zorrozki mugatu dute ibilgailuko edota kamioiko erosi ahal den litro kopurua.
Blokeoak ekidin
Horren aurrean, findegien eta biltegien blokeoari amaiera emateko neurriak iragarri ditu Gobernuak eta atzo arratsean bertan hastekoak ziren. «Greban daudenen eskubidea errespetatuko dugu, baina kanpotik bidea ixten dutenak ebakuatuko ditugu» esan zuen atzo Vidaliesek, CGT eta FO sindikatuek deituta protestan ari diren kamioilariei aipu eginda.
Gainera, blokeoak bukatzeko xedearekin, lan erreformak aurreikusten duen aparteko orduen gainsaria apaltzeko aukera hori «kamioilarien kasuan aplikatu ez dadin araua berrikusiko» dutela agindu du Vidalisek, idatziz, haien soldatetan aparteko orduek duten pisua onartuta.
Ez dirudi, ordea, keinu horrek berehalako eraginik izan duenik. CGTk eta FOk kaleratutako oharrean «ekintzekin» segitzera deitu dute, «legearen beste atalak ere borrokatu behar direlako» eta «garaipena posible delako». Beraz, aste honetan giroa gehiago tenkatu daiteke. Sindikatuek jada zortzigarren mobilizazio eta greba eguna deitu dute ostegunerako eta ekainaren hasierako ere lanuzteak iragarri dituzte Pariseko metroan eta autobusetan, besteak beste. Ekainaren 14rako, Senatua legea aztertzen hasiko den egunerako, estatu mailako manifestazioa antolatzen ari dira Parisen.
Ordura arte itxaron gabe, atzo arratsaldean bertan, Baionan ere izan ziren tentsio-uneak manifestari eta poliziaren artean. Patrick Kanner, Gazteria eta Kirol ministroa bisitan jina zen jardunaldi batean parte hartzeko. Aretoaren atarian, ordea, Legea Erretiratu Arte Ipar Euskal Herriko kolektiboko dozenaka kide zain zituen, gobernuari lan erreforma bertan behera uztea exijitzeko.