INFO

Militarrek Ezkaba mendian egingo duten lasterketa salatu eta herritarrena dela aldarrikatu dute

Espainiar Armadak San Cristobal Xtrem lasterketa antolatu du maiatzaren 28rako Ezkaba mendian, eta honen aurrean Ezkaba «herritarrena» dela aldarrikatu du Sortuk.


Ezkaba mendia «herritarrena» dela aldarrikatu du Sortuk, espainiar Armadak larunbat honetan bertan antolatu duen mendi lasterketaren aurrean. Ekimen honen bitartez «nafar Gizarteak armadaren inguruan duen iritzia aldatzea» dutela helburu salatu dute.

Ohar baten bitartez, gogora ekarri dute 90eko hamarkadan 3.000 gaztek esan ziotela ezetz armadako parte izateari, intsumisioaren bitartez, eta haietako 600 espetxeratuak izan zirela.

Era berean, azpimarratu egin nahi izan dute «oraindik ere munduan ematen diren hainbat inbasioren erruduna» dela. «Bere lana herrien subirania zapaltzea da, errekurtsoak lapurtu eta hauek elite sozioekonomikoen eskuetan jarri».

Honela, irudi hau «kirola eta armada nahastuz desitsuratu» nahi dutela salatu dute.