INFO

Herrien bi herenak elkargo bakarraren alde bozkatu du

Ipar Euskal Herriarentzat elkargo bakarra sortzeko herriko etxeetan egin dituzten bozketak amaitu dira; 111 herrik alde bozkatu dute eta 47k, aurka.

Elkargo bakarraren aldeko ekimena. (BATERA)

Elkargo bakarra sortzeari buruzko bozketak bukatuta, herrien bi herenak erakunde horren alde egin du: guztira, 158tik 111 agertu dira alde eta 47, aurka.

Bozkatu duten azken herriak Martxuta, Ilharre, Gixune, Arboti-Zohota eta Mendikota izan dira. Azken hori izan ezik, gainerakoak elkargo bakarraren alde agertu dira.

Ipar Euskal Herriak prefetak ezarritako bi baldintza bete behar zituen elkargo bakarra osatzeko, herrien erdien oniritzia jasotzea eta biztanlegoaren erdia herri horietan bizitzea. Maiatzaren hasieran bete zuten helburu hori.

Nolanahi ere, 70 hautetsi inguruk helegitea aurkeztu dute Barne Ministerio frantsesean eta orain Bernard Cazeneuve ministroaren erantzunaren zain daude.