Tarragonako itzulerako partidarako sarrerak agortu dira
Sadar futbol zelaiko leihatilak goizeko bederatzietan ireki dituzte larunbatean 19.00etan Tarragonako Nou Estadi delakoan jokatuko den Nastic-en kontrako partidarako sarrerak saltzeko. Ordubetean Kataluniatik bidali zituzten 270 sarrerak agortu dira.
Osasunak Tarragonako Nastic 3-1 menderatu zuen asteazken gauean Sadarren eta Lehen Mailarako igoera lortzeko bidean urrats berri bat eman zuen. Hori dela eta, zaletuen artean Tarragonara joateko grina esnatu zen. Zoritxarrez 270 sarrera baino ez ziren Iruñean saltzeko, Nou Estadi-n kanpoko zaletuak jasotzeko eremua urria omen delako. Oraingoan olatu gorritxoa txikiagoa izango da, baina Osasuna animatzeko gogo handiarekin abiatuko dira Kataluniaruntz.
Asteazkeneko partida amaitu eta berehala zaletuak lehiatilen aurrean jarri ziren ilaran gaur goizean sarrerak erosi ahal izateko. Gauean ez zuten hotz handirik pasa behintzat. Esan bezala, lehiatila ireki eta berehala agortu ziren sarrerak.