INFO

Energia eta sare elektrikoen oraina eta etorkizuna Euskal Herrian

Energia eta sare elektrikoak Euskal Herriko Ikuspegitik. Horixe aztertu dute Bidarteko ESTIA ingeniaritza unibertsitate-eskolan UEUren 44. Udako Ikastaroen barruan. UEU eta ESTIAren arteko lehen elkarlana da hau.  

Ikastaroko atseden-tartea. (UEU)

Euskal Herriko osoko ikuspegia, ekoizpen eta kontsumo datuen berri Gaindegiako Imanol Esnaolak eman du. Haritza Camblong jardunaldiko arduradunaren esanetan oraindik orain energia elektrikoaren produkzioa kontsumoa baino txikiagoa da Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian oso elektrizitate gutxi produzitzen dela dio eta bereziki mikro zentral hidraulikoak erabiltzen direla horretarako. Azken aldian fotovoltaikoa ere hasi dela erabiltzen eta oso marjinalki mekanizazioa.

Jardunaldian zehar hainbat proiektu desberdin ezagutzeko aukera izan da. Besteak beste, I-Enereta Goiener kooperatiben berri emango digute Bixente Uhaldek eta Joseba Etxebarriak, hurrenez hurren. Ibilbide, egitura desberdinak izan arren, funtsean parte-hartzea dute oinarri biek eta ekonomia sozial eta eraldatzailea sustatzea. Energia ekoitzi eta kontsumitzeko beste era bat, hain zuzen ere. Goienerrek esperientzia handiagoa duela eta bere jarduera zabalagoa dela diosku Camblongek, «I-Ener berriagoa da eta oraingoz elektrizitatea sortzeko proiektuen finantzaketara mugatzen da».

ESTIAko Ikasi taldeko Iban Lizarraldek, bestalde, GreenPlay proiektua aurkeztu du. Camblongen arabera «ideia smartphoneendako aplikazio bat sortzea da, joko baten gisakoa, jendeak energia gutxiago kontsumi dezan. Gutxiago kontsumitzen duen neurrian, puntuak irabazten ditu erabiltzaileak». Elektrizitatearen kontsumoa apaltzeko sentsibilizizazioaz hitz egingo dute Ekoguneko Itsaso Olaizola eta Amaia Otazok. Jean-Louis Hariñordokiren eskutik Ibai-Errekak elkartearen nondik norakoen berri ere izan dute bertaratuek eta sare elektrikoetako zerbitzu berrien inguruan jardun dute Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Unai Castrok eta Jema Energyko Leire Arrizubietak.

Camblong-ek berak irailean hasiko den Sare Elektriko Adimentsuei buruzko UPV/EHUko masterraren berri eman du. Master berezia dela dio, ingelesez emango delako eta ESTIArekin diploma bikoitza lortzeko aukera ematen duelako. «Harreman handia izango da arloko enpresekin, eta klaseak, Donostian bakarrik ez, Bidarteko ESTIA eta Eibarren ere izango dira».

Etorkizunera begira erronka nagusia «energia berriztagarriak emendatzeko baldintzak jartzea» dela uste du Camblong-ek. Ingurumenari kalte gutxiago egiteko, berotegi efektuari begira. Hain zuzen ere Bizi Mugimenduko Allande Errezarret-ek klima aldaketa izan du mintzagai. Gainera, teknologia berriei esker «sarearen segurtasuna, efizientzia eta sendotasuna hobetzea» ere izango da erronka Camblongen ustez. Testuinguru horretan «merkatuaren liberalizazioak» ere eragina izango duela dio eta hor Euskal Herriko enpresak aukerak baliatzen ahalegindu behar direla.