INFO

Dispertsioaren inguruko galdera egin dio Espagnac senatariak Justizia ministroari

Frédérique Espagnac (PS) senatariak euskal presoei aplikatzen zaien sakabanaketa politikari eta senideek bisitekin dituzten arazoei buruzko galdera egin dio Jean-Jacques Urvoas Justizia ministro frantsesari. Urvoasek bi hilabeteko epea du erantzuteko.

Frédérique Espagnac senataria. (Bob EDME)

Euskal presoen egoerari buruzko kezka Justizia Ministerio frantsesera iritsi da berriz. Kazetak berri eman duenez, ekainaren 30ean, Frédérique Espagnac senatariak idatzia zuzendu zion Urvoas ministroari «presoen familiei haien etxetik kartzelaraino duten distantziak eragiten dien zailtasunei eta malgutu behar liratekeen bisiten baldintzei erantzuteko zein irtenbide proposatuko duen» galdetzeko.

Senideek egiten behar izaten duten distantzia bataz beste 400 kilometrokoa dela oroitarazi dio senatariak.

Adeline Hazan ikuskatzaileak euskal preso gehienak beren familiengandik urrun egon behar izatearen inguruan kezka agertu eta gero egin du galdera Espagnacek. Estatu frantsesean diren euskal presoen egoera ezagutzera eman zuen Asanblada Nazionaleko legeen batzordean.

Haren aburuz, familiekin harremanak izateko moldea malgutu beharko litzateke.

«Adeline Hazan oso errespetatua den emazte bat da gure familia politikoan. Jean-Jacques Urvoasek zuzendu duen legeen batzordean bere iritzia plazaratu izana ez da ekintza hutsala», adierazi du Espagnacek.

Ministroak bi hilabeteko epea du erantzuna emateko.