INFO

«Snowden», mundu mailako eskandalua pantailaratu du Stonek

Edward Snowdenek Gobernu estatubatuarrak edonor zelatatzeko gaitasuna duela publiko egin zuenean mundu mailako eskandalua sortu zen. Berak AEBetatik ihes egin behar izan zuen eta ordutik Errusian bizi da, babestuta, bertatik irten ezinik. Hark egin zuenari buruzko filma da Oliver Stonen «Snowden»; urteetan argitaratu den informazioa bildu, fikzio apur batez busti eta bi orduko lana egin du. Snowden bera ere agertzen da une batean.


Ia sekretupean antolatu beharreko proiektua izan da “Snowden” filma. Oliver Stone zuzendariak esan zuenez, aurrez aurreko bilerak egiten zituzten eta telefonoz zein internetez gaiari buruz ez hitz egiten saiatu ziren. Izan ere, Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo eskaintzen den lan honek Edward Snowden, AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko eta NSAko lankide ohia, du protagonista. Horien datuak azaleratzearen ondorioz Errusian bizi da, babestuta. Stonek film honen bitartez bigilantziari eta askatasunik ezari buruzko gogoeta egin nahi izan du. Snowdenek NSAren ordenagailuko programa sekretu baten berri eman zuen eta horrela munduari begiak zabaldu zizkion. Programa horrek mundu osoa zelatatzeko balio du, ordenagailu, sakelako telefono eta drone-en bidez. Mezu pribatuak ere jaso ditzake, alegia, Gobernu estatubatuarrak gu guztioi buruz izan nahi duen informazio guztia bil dezakeela esan zuen Snowdenek. Aitzakia, eraso terroristen gaineko informazioa biltzea zen, horiek ekidin ahal izateko.

«Kontziente izan behar dugu boterea eskuratzen duten tiranoak daudela», bota zuen Stonek, jarraian bere herrialdeko politikariek orain arte izan duten jarrera salatuz: «Terrorismoaren izenean askatasun zibilak sakrifikatzea naziek egin zutenaren antzekoa da».

AEBetako hauteskundeak

AEBetako hurrengo hauteskundeei buruz galdetuta, adierazi zuen filma duela bi urte prestatzen hasi zirela eta ez duela zerikusirik azaroko hauteskundeekin. Era berean, aipatu zuen ez Hillary Clintonek ez Donald Trumpek ez dutela mundu mailako bigilantziari buruz edo Snowdeni buruz ezer esan. Honek badaki epaitegira eramaten badute Espioitzaren Legea aplikatuko diotela, eta berak egin zuena kontatu nahi du «bere burua publikoki defendatzeko». «Obamak zuzentasun handiko gizona zirudien, baina gauzak amerikar eran egiten jarraitu du», aipatu zuen oraingo presidenteari buruz.

Stonekin batera Joseph Gordon-Levitt (Ed Snowden) eta Shailene Woodley (Lindsay Mills, protagonistaren bikotekidea) aktore gazteak ere izan ziren prentsaurrekoan. Gordon-Levittek esan zuen Snowden Errusian ezagutzeko aukera izan zuela eta lau orduko elkarrizketaren ostean, bere keinuak ikasten ahalegindu zela. Woodleyk, berriz, bere paperaz harro dagoela adierazi zuen «une honetan ere gertatzen ari den zerbait eta guztioi eragiten digun gertaera historiko bat» delako.