Emilie Martinen aurkako euroagindua ez onartzeko eskatu du fiskalak Paueko Auzitegian
Emilie Martinen aurkako euroagindua ez onartzeko eta zuberotarrari ezarritako kontrol judiziala bertan behera uzteko eskaera egin du fiskalak Paueko Auzitegian. Erabakia urriaren 18an emango dute.
Herriran militatzeagatik erakunde «terroristaren» kide izatea eta apologia leporatuta, Auzitegi Nazionalak Emilie Martinen kontra eskatutako euroagindua aztertu dute gaur goizean Paueko Auzitegian.
Fiskala zuberotarra espainiaratzearen aurka agertu da eta ezarri zioten kontrol judiziala bertan behera uzteko eskatu du. Euroaginduak toki, data eta leporatzen diren ekintzen parte-hartze maila zehaztu behar dituela argudiatu du, eta Martinen kasuan datu horiek ez direla zehazten esan du.
Erabakia urriaren 18an jakinaraziko du Auzitegiak.
Elkarretaratzea
«Eraso errepresibo» berria salatzeko eta Martini babesa agertzeko, alor askotariko 25 taldek deituta, dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin zuten, atzo, Baionako suprefeturaren aitzinean.