INFO

Garai politiko berri bati atea ireki zion Aieteko Adierazpenak bost urte bete ditu

Bost urte betetzen dira gaur Aieteko jauregian, Donostian, Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia egin zutenetik, Euskal Herrian aro politiko berri bati atera ireki eta, Gernikako Akordioarekin batera, gatazkari konponbidea emateko ibilbide-orri bat marraztu zuena.

Annan, Adams, Ahern, Powell, Joxe eta Bruntland, Aieteko Konferentziari amaiera eman zion adierazpena irakurtzen. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

2011ko urriaren 17am, Donostiako Aieteko jauregia hitzordu historiko baten eszenatokia izan zen, Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentziak Euskal Herrian «bake justu eta iraunkorra» lortzeko ibilbide-orria marraztu baitzuen.

Kofi Annan, Gerry Adams, Berti Ahern, Jonathan Powell, Pierre Joxe eta Gro Harlemn Bruntland izan ziren zitaren bukaerako adierazpena jendaurrean aurkezteko ardura izan zutenak. Bost puntuko adierazpen horrek, lehenbizi, ETAri dei egiten zion, «bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko».

Jarraian, Madril eta Parisko Gobernuei eskatu zitzaien adierazpenari «baiezkoa eman eta gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko».

Hiru egun beranduago, urriaren 20an, ETAk adierazpen historikoa egin zuen, jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarriz. Aietetik eginiko eskaerari erakunde armatuak emandako erantzun positibo horren aurrean, Madrilek inmobilismoari eusten dio oraindik ere, Parisko Gobernua bidelagun duelarik.

Era berean, gatazkak irekitako zauriak sendatzeko, «egindako minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak» galdegin zituzten nazioarteko lider ezagunek.

Laugarren puntuan, gako politikoari eutsi zion Aieteko Adierazpenak. «Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez biolentoak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako», esan zuten Annanek eta harekin batera agerraldia egin zutenek, haietako hiruk Irlandako gatazkaren konponbidean zerikusi handia izan zutenak.

Gaineratu zuten, beraien esperientzian oinarrituta, «hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek», elkarrizketa bideratzen lagun zezaketela.

Azkenik, bosgarren puntuan, aurreko lau errekomendazioei jarraipena egiteko batzordea osatzeko prestutasuna adierazi zuten.

Adierazpen horrek egun historiko bati amaiera eman zion, zeinetan ia eragile politiko eta sindikatu guztiek bakearen eta normalizazio politikoaren inguruko ikuspuntuak trukatu zituzten.