INFO

80ko hamarkadako genero zinema omentzen duen film «ikusten zaila»

Roberto San Sebastian zinemagile bilbotarrak bere «opera prima» ekarri du Fantasiazko eta Beldurrezko Astera. Aurrekontu mugatu eta elkarlan eskuzabalarekin hiru astean Bilbon grabatutako filma da. Hainbat generoren tonua eta ezaugarriak nahasten ditu, estilo anakronikoa erabiliz; horrek guztiak sailkatzen zaila egiten du filma.


Roberto San Sebastian zinemagile bilbotarrak bere opera prima aurkeztu du Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen barruan. «Ezohiko proposamena» da, Nicoren odisea lotsagabe, parodiko eta autokontzientea. Estatuko estreinaldia gaur egingo dute eta asteburuan Zumarragan ikusteko aukera izango da, jaialditik kanpo.

Nico 20 urte inguruko gazte sineskorra da. Birjintasuna galtzeko erabakia hartu du eta Urtezahar gauean kotilioi batean Medea emakume heldua ezagutuko du. Haren etxean pasatuko du gaua; baina lizunkeriaz eta gehiegikeriaz betetako sexu estreinaldi epikoa zirudiena, amesgaizto bilakatuko da, odolez, izerdiz eta askotariko jarioz betea. 1980ko hamarkadako genero zinema omentzen du estilo anakronikoarekin. Sailkatzen zaila da, hainbat tonu eta genero nahasten baititu: fantasia, beldurra, gorea-ren eta B seriearen odola, erraiak eta eskatologia... Astearen zuzendari Josemi Beltranek Alex de la Iglesiaren lehen proposamenak gogorarazten dizkiola esan zuen. Kevin Iglesias ekoizlearen hitzetan, «filma egin dugun testuinguruan bakarrik existi daiteke. Eduki eskatologikoa du eta komedia nahiko mardula da. A priori erraza zen, baina erditze motel, agoniko, ezeroso eta zaila izan da». Izan ere, zerbait txikia bezala hasi zen eta gutxika hazten joan zen.

Javier Bodalo aktorea bere bigarren protagonista lanarekin «oso pozik» zegoela adierazi zuen atzo, nahiz eta filmatze lanetan asko sufritu duen. Izan ere, hiru aldiz ospitaleratu behar izan zuen eta azkenekoan astebetez gelditu zuten grabaketa. «Oso dibertigarria izan da. Gidoia hasieran lasaiagoa zen, gero ‘animatzen’ joan ziren eta jada ezin nuen atzera egin».

Erantzun ona atzerrian

Zuzendaria bezala, filmean parte hartu duen talde teknikoaren gehiena hasiberria da. Autofinantzatutako low cost filma da. Platanoboligrafo ekoizpen etxeak finantzatu du eta 70.000 euro inguruko aurrekontua izan du. Halere, Iglesiasek Bilboko zinema alorreko jende askoren ia doako laguntza jaso dutela zehaztu zuen. Zati nagusia hogei egunetan filmatu zuten Zorrotzaurreko Papelera Eraikinean egindako dekoratu batean. Ignatius Farray komikoaren Ramon Garciaren interpretazioa, berriz, Madrilgo Puerta del Solen filmatu zuten.

San Sebastianek aitortu zuen jakitun dela bere ia bi orduko filma «ikusten zaila» dela. Horregatik, pozik dago nazioarteko jaialdietan izandako harrera onarekin. AEBetako Nightmares Film Fest eta Atlanta Film Festival-en lan onenaren saria jaso du. Lurmutur Hirian (Hegoafrika), Sydneyn (Australia) nahiz New Yorken ikusi dute eta egun gutxi barru Mexikoko Morbido Film Fest-en. Umore «zarpaila eta oso lokala» duenez, estatuan harrera hobea izango zuela uste zuten, baina alderantziz izan da, estatuko hainbat jaialdik atzera bota dute eta iritzi onak kanpotik heldu dira.

 

I-11ko erasoek AEBetako zineman duten eragina aztertu du Navarrok

Antonio Jose Navarro historialari eta zinema kritikariak “El imperio del miedo. El cine de horror norteamericano post 11-S” aurkeztu du Fantasiazko eta Beldurrezko Astean. Bertan, Irailaren 11ko erasoek Ameriketako Estatu Batuetako beldurrezko zineman izandako eragin kulturala aztertu du, gertaeren osteko film esanguratsuenak aukeratuta. Ondorioen artean, gobernuak hartutako neurri murriztaileak islatzen dituzten paranoia, beldurra, indarkeria agerikoagoak dira. Baita islamaren metafora diren deabrutzeak, zonbiak edo komunitate arraroak ere. Halaber, amaiera zoriontsurik ez dago eta Navarroren ustez, horrek esanahi argia du: «Mehatxua ez da desagertzen. Ez poliziak, ez armadak eta ezta gobernuak ere ezin gaitu arriskutik salbatu». M. A.