INFO

Beitialarrangoitia: «Ministro izendapenek Rajoyren aldaketzeko borondate eza erakusten dute»

EH Bilduko diputatu den Marian Beitialarrangoitiak «itxaropen eza» nabarmendu du Mariano Rajoyk atzo bere Gobernua osatuko duten ministroen izenak ezagutzera eman ostean. «Ez du bere politika funtsean aldatzeko borondaterik», adierazi du.

Kanpo Harremanetako eta Kooperazioko ministro berria, Alfonso Dastis. (Angel DIA / AFP)

«Mariano Rajoyk ez du bere politika funtsean aldatzeko borondaterik», laburbildu du Marian Beitialarrangoitia diputatu subiranistak. EH Bilduko diputatuak kezka agertu du Rajoyk atzo izendatuak Gobernu berrian izan diren aldaketa apurrak direla-eta. «Ez gaude itxaropentsu», adierazi du.

Beitialarrangoitiaren iritziz, ez da aldaketa handirik izango Gobernuak hartuko dituen jarreretan, aurreko legealdiarekin alderatuz: «Norabide beretik joango dira, eta ez du zuzentzeko modurik».

Azpimarratu egin du bere karguan mantendu dituela «murrizketa eta politika neoliberalen ezartzaile izan direnak» eta «ongizatearen kontra joan diren ministroak».