INFO

‘Batzuk’ leloaren erritmoan, Otxandio eta Iruñea batuko ditu 20. Korrikak

2017ko martxoaren 30ean hasiko da Korrikaren 20. edizioa Otxandion, eta apirilaren 9an amaituko da nafar hiriburuko kaleetan.  ‘Batzuk’ lelopean, ‘bat’ eta ‘zuk’ hitzen arteko jolasaren bitartez, «hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinak osatzen duten aniztasuna» irudikatu nahi dute.

‘Batzuk’ lelopean ospatuko da 20. Korrika. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Otxandiotik Iruñerako bidea egingo du Korrikaren 20. edizioak. 2017ko martxoaren 30etik apirilaren 9ra luzatuko da, Donostiako San Telmo museoan egin duten aurkezpenean iragarri dutenez.

Mertxe Mugika, AEKren koordinatzaile nagusiak, eta Asier Amondo, Korrikaren arduradunak, aurkeztu dute Korrikaren edizio berri hau. «Aurreko Korrika amaitu zenetik euskaraz bizitzeko hautua irmoagoa dago euskal gizartea», adierazi du Mugikak.

Euskal hizkuntzaren normalizaziorako «ezinbestekotzat» jo du helduen espazioetan ere euskaraz funtzionatzea, eta hau markatu du «zeregin nagusi» moduan.

20. edizio honek izango duen leloa ‘Batzuk’ izanen da. ‘Bat’ eta ‘zuk’ hitzen arteko jolasaren bidez, «hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna» irudikatu nahi da. Amondok azaldu du leloa: «Hizkuntza, kultura, mundu ‘bat’ sendotzeko bidean, ‘zuk’ ere bat egin dezakezu», adierazi du.

2017ko Korrikak 27 urte lehenago, 1980an, lehen korrika antolatu zuten sortzaileak omenduko ditu, ordutik «euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia bihurtu dela» nabarmenduz.