INFO

Biktima guztiak izan dituzte gogoan Gasteizko Parlamentuko alderdi guztiek, PPk izan ezik

Gasteizko Legebiltzarreko, Arabako Batzar Nagusietako eta Aldundiko ordezkariek Euskal Herriko gatazkak utzi dituen biktima guztiak izan dituzte gogoan Memoriaren Egunean egin duten agerraldian. PPk ez du parte hartu eta bakarrik «terrorismoaren biktimak» gogoratu ditu ekitaldi batean.

PPk ez du parte hartu «biktima guztiak» omendu dituen ekitaldian. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Legebiltzarrean presentzia duten alderdi guztiek (PPk izan ezik) Euskal Herriko gatazka politikoan giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktima guztiak izan dituzte gogoan Memoriaren Egunean egin duten ekitaldian.

Iñigo Urkulluk eta Parlamentuko lehendakari den Bakartxo Tejeria egon dira agerraldiaren buruan, Parlamentuko atarian. Legebiltzarrean dauden alderdiez gain, Arabako Batzar Nagusietako eta Aldundiko ordezkariek ere parte hartu dute.

EAEko udalerrian elkarteak, Eudelek, proposatutako testua irakurri du Tejeriak, bertan «iragana eta ondorio latzak ez ahaztera» egin dio deia gizarteari, eta zehazki «bere mina onartzea garrantzitsua den biktima batzuengatik». Horregatik, «elkartasuna, gertutasuna, egia, aitortza eta erreparazioa» defendatu ditu.

«Beste inoiz ez dira adierazpen biolento eta terrorismoa justifikatu behar». Honela, giza eskubideak mehatxatzen dituen edozein ekintzaren aurrean agertzera gonbidatu ditu alderdiak. «Bide baketsu eta demokratikoak dira elkarbizitza librea eta bakea lortzeko modu bakarra», erantsi du.

PP, toki batzuetan bai eta besteetan ez

PPk, ordea, ez ditu biktima guztian gogoan eduki nahi izan eta behin alderdi guztiek burutu duten ekitaldia amaitutakoan, bere legebiltzarkideek «soilik terrorismoarenak» ekarri dituzte gogora. Gasteizko Udalak egindako ekitaldian ere ez du parte hartu PPk. Hala ere, parte hartu du Aldundiak, Batzar Nagusiek eta Udalak elkarrekin egin duten omenaldian.

Gipuzkoan eta Bizkaian burutu dituzten agerraldietan bai. Bietan lore eskaintza bat egin dute eta bertan izan da PP. Bilboko kasuan, ETAren biktima bat eta Polizia Nazionalaren biktima batek ere parte hartu dute lore eskaintzan.

Gipuzkoar hiriburuko Udalak bost minutuko elkarretaratze isila egin du. Eneko Goia alkateak alderdi guztien «ahalegina» nabarmendu du, gaurko egunean denek agerraldia elkarrekin egiteko. Batzar Nagusiek ere bost minutuko isilune bat egin dute.