INFO

Futbol zelai baten luzera duen garraioak Pasaiako portutik Zangozarako bidea egingo du

Ehun metro inguruko luzera eta 500 tonako pisua duen ezohiko garraio batek haize-sorgailu baten pieza bat eramango du Pasaiako portutik Zangozara. Gipuzkoako errepideetan barrena egingo dituen 60 kilometroak osatzeko, hiru etapa beharko ditu, gauez bakarrik mugituko baita.

Ehun metro inguruko luzera duen «megatruck« delakoa Pasaiako portutik aterako da. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Gipuzkoako Bide Aizpiegituretarako foru diputatu Aintzane Oiarbidek adierazi duenez, muturreko eguraldia jasango duen haize-sorgailu baten pieza horren garraioa «ezohikoa» eta «zaila» izango da.

Bihartik hasiko dira Pasaiako portutik atera eta Zangozara eramaten, bertako laborategian homologazio frogak egin diezazkioten.

Gipuzkoako errepideetan barrena egingo dituen 60 kilometroetarako hiru egun behar izango ditu. «Hiru etapatan egingo du Portutik irten eta Etzegarate gainera iritsi arteko ibilbidea. Gauez mugituko da, trafikoan ahal den eragin txikiena izan dezan; baina, hala ere, saihestezina izango da erabiltzaileen artean izango duen eragina», esan du Oiarbidek. «Orain artean Euskadiko errepideetan ibili den garraio handiena» dela nabarmendu du.

Hiru etapa

Asteartean, lehendabiziko etapan 12 kilometro besterik ez ditu egingo garraio erraldoiak. Zailtasun handieneko etapa izango da, Gomiztegiko biribilgunea eta bi tunel zeharkatu beharko dituelako.Donostiako bigarren ingurabidean geldituko da eguna egiten, Errenteriako lurretan.

Bigarren gauean, Urumeako autobidetik N-1era sartuko da eta Beasainera iristea da helburua. Ia ehun metroko ezohiko garraio honek ibilbideko bihurgune asko hartu ezin dituenez, tarte batzuetan kontrako norabidean joango da.

Hirugarren etapa, Beasaindik Etzegarate gainera artekoa izango da. Ibilbide guztia kontrako norabidean egingo du, beraz, gau horretan, Nafarroatik Idiazabalerako norabidea erabat itxita egongo da.

Operazio guztia Ertzaintzak zuzenduko du; eta, gauez egin arren, ezinbestekoa da inguru horretan ibiliko diren gidariak arreta handiz ibiltzea.

«Gure esku dauden segurtasun neurri guztiak hartuko dira baina, hala ere, kontuz gidatzea komeni da. Gauez egingo dira mugimenduak; gaueko 23.30 inguruan jarriko da martxan eta goizeko 5.30erako errepidetik aterako dugu. Hala ere, gure errepide nagusietan izango du eragina: AP-8an, A-15ean eta N-1ean eta, ahal den neurrian, errepide horiek erabili beharrean, ordezko ibilbideak hartzeko eskatu nahi dugu Foru Aldunditik», dei egin du Bide Azpiegitura diputatuak.

Bi trakzio buru

Zenbait hilabetez Zangozako laborategian homologazio frogak egin ostean, ‘Nacelle’ pieza erraldoiak kontrako bidea egin beharko du, Nafarroatik Pasaiako porturantz.

Garraioak 94,81 metroko luzera, 6,54 metroko zabalera, 5,32 metroko altuera eta 514,4 tonako pisua ditu. 40 ardatzeko garraio bat prestatu dute pieza eraman ahal izateko.

Bi trakzio buruk tirako dute aurretik eta beste batek bultzatuko du garraioaren atzeko aldetik. Trakzio buru bakoitzak 250 tonako indarra egiteko gaitasuna du.

Piezaren pisuak baino dituen neurriek eragin dute tamaina horretako garraioa prestatu beharra.