Artolazabal, Arriola, Azpiazu, Zupiria, Retortillo eta San Jose, Urkulluren sailburu berriak
Iñigo Urkulluk sei sailburu berri izango ditu bere Gobernuan: Beatriz Artolazabal (Enplegua eta Gizarte Politika), Iñaki Arriola (Ingurumena, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza), Pedro Maria Azpiazu (Ogasuna eta Ekonomia), Alfredo Retortillo (Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa), Bingen Zupiria (Kultura eta Hizkuntza Politika), eta Maria Jesus Carmen San Jose (Lana eta Justizia). Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Cristina Uriarte, Jon Darpon eta Estefania Beltran de Herediak jarraitu egingo dute.
Iñigo Urkulluren Gobernua osatuko duten hamaika sailburuetatik –sei gizon eta bost emakume– sei berriak dira: Beatriz Artolazabal (Enplegua eta Gizarte Politika), Iñaki Arriola (Ingurumena, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza), Pedro Maria Azpiazu (Ogasuna eta Ekonomia), Alfredo Retortillo (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoa), Bingen Zupiria (Kultura et Hizkuntza Politika), eta Maria Jesus San Jose (Lana eta Justizia).
Departamentuetako zortzi EAJren esku geratu dira eta beste hiru –Ingurumena, Turismoa eta Lana– PSEren esku, bi alderdiek sinatutako akordioari esker.
Beatriz Artolazabal Arabako Gizarte Zerbitzuetako diputatua da.
Iñaki Arriola sailburu izan zen Patxi Lopezen Gobernuan eta egun PSEko Gipuzkoako burua da.
Pedro Azpiazu EAJko diputatua da espainiar Kongresuan.
Retortillo Zientzia Politikoen irakaslea da EHUn eta hainbat komunikabidetan tertuliakidea. PSEko militantea da.
Bingen Zupiria kazetaria da, egun ‘Deia’ko zuzendaria eta ETBko zuzendari ohia. Tertuliakide ere jarduten du.
Maria Jesus San Jose, berriz, Arabako Foru Aldundiko Funtzio Publikoko zuzendaria da.
Aitzitik, Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Cristina Uriarte, Jon Darpon eta Estefania Beltran de Herediak euren postuetan jarraituko dute. Erkorekak bozeramaile lanari eutsiko dio, eta horretaz gain Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua ere izango da. Tapiaren kasuan, Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Saila gidatuko du. Uriarte Hezkuntza sailburu izango da, eta Beltran de Heredia Segurtasun burua. Darponek Osasun Sailaren buruan segiko du.
Ricardo Gatzagaetxebarria, Ana Oregi eta Angel Toña Gobernutik kanpo geratu dira.
Astelehenean hartuko dituzte karguak hamaika sailburuek Ajuria Enean.