INFO

Bizkaiko euskaltegiek eta Jose Angel Iribarrek 2016ko Lauaxeta Ohorezko Sariak jaso dituzte

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak 2016ko Lauaxeta Ohorezko Saria eman die lurraldeko euskaltegiei, modalitate kolektiboan, eta Jose Angel Iribar, Athletic-eko atezain izandakoari.

Aduriz, Iribar eta Iraola, Bilboko kaleetan korrika. (ARGAZKI PRESS)

Foru Jauregian egindako ekitaldian Rementeriak adierazi duenez, «Lauaxeta izpilua dugu euskararen bizibarritzean. Euskarari bide berriak zabaldu eta hauspoa eman zion. Urtero Lauaxeta Saria jasotzen duten bizkaitarrak ahalegin horretan nabarmendu dira. Taldeko Ohorezko Saria aurten Bizkaiko euskaltegiek jaso duzue, euskarak asko aurreratu badu gure gizartean, gero eta gehiago ezagutzen bada eta gero eta erabiliagoa bada, hezkuntza sistemari esker izan da».

Diputatu nagusiak saridunak zoriondu ditu euskarari eginiko ekarpenagatik eta Iribarren lana goraipatu du: «Bizkaiak daukan ikonorik baliotsuenetakoa zara, benetan eta euskarak izan duen lagunik miñenetakoa, euskara ezpainetan izan duzu beti, euskaraz aritu izan gara elkar beti. Mundutik zehar asko ibilia zara eta mugaz gaindiko bidaia horietan guztietan euskara ezagunagoa eta maitatuagoa izaten ahalegindu zara eta lortu egin duzu. Baloi asko gelditu dituzu, bai, baina euskararen indarra geldiezina dela erakutsi diguzu».

Bestalde, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kulturako diputatuak poesia eta ikus-entzunezkoen arloetako Lauaxeta Sariak eman ditu. Poesian, Juan Kruz Igerabide Sarasolak jaso du 35 urtetik gorakoentzako Lauaxeta Saria, ‘Lainoa janez’ lanagatik; 35 urtetik beherakoentzako saria, berriz, Garazi Ugalde Pikabearentzat izan da, ‘Morfologiak’ lanagatik.

Bestalde, ikus-entzunezkoen arloan, Hannot Mintegiak irabazi du 2016ko Lauaxeta Saria, ‘Markak’ dokumentalari esker. Gernikako bonbardaketak biztanleengan utzi zituen aztarnei buruzkoa da dokumentala.