Giza Eskubideen Liga: «Bake prozesuaren aurkako kolpea da»
Giza Eskubideen Ligak bake prozesuaren aurkako kolpetzat hartu du Luhusoko polizia operazioa. Alabaina, norabide horretan gizarte zibiletik abiatutako ekimenak indartzen jarraituko duela adierazi du.
Estatu frantseseko eta espainiarreko Gobernuek ETAren desarmatzeko erabakiari jaramonik ez egitea erabaki dutela adierazi du Giza Eskubideen Ligak prentsa ohar baten bidez, Luhuson emaniko polizia operazioa horren lekuko.
Hori egitean, aipatu Gobernuek Pirinioen bi aldeetan gizarte zibilak armen deuseztatzea garatzeko abiatutako ekimenen aurka egin dutela gaineratu du.
Horren aurrean, baina, gizarte zibilak abiatutako prozesua indartzen jarraituko duela azpimarratu du, eta dei egin die Paris zein Madrileko Gobernuei «mendekuaren» ideiak baztertu eta bakea eraikitzearen alde urratsa eman dezaten.