INFO

Dispertsioa pairatu duten seme-alabek «babes osoa» adierazi diote Kalera Kalera ekimenari

Txikitatik dispertsioa pairatu duten hainbat gazte bildu dira gaurkoan Usurbilen, Kalera Kalera ekimenari babesa erakutsi asmoz. «Dispertsioarekin bukatu beharra dago eta horretarako denok piztu behar dugu kandelatxoa. Su txikiz osatuko itsasoa izan behar gara, bakea eta askatasuna irabazteko», adierazi dute.

Dispertsioa pairatu duten hainbat gaztek babesa adierazi diote Kalera Kalera ekimenari. (TOPATU)

Gaazte-gaztetatik espainiar zein frantziar estatuek ezarritako espetxe politika eta dispertsioa pairatu duten hainbat gaztek «babes osoa» adierazi diote Usurbilen Kalera Kalera ekimenari. «Dispertsioaren seme-alabak gara».

«Espetxe politika ankerraren adibide bat gehiago da dispertsioa. Maite ditugun senideak ikusteko jarritako traba, luzatutako bidea, ezarritako kondena. Mendekua beste asmorik ez duen erabaki politikoa da, bi estatu eta enparauek bulegoetan diseinatua», salatu dute.

Horregatik, «dispertsioarekin bukatu beharra» dagoela adierazi dute eta horretarako denon beharra dagoela nabarmendu. «Su txikiz osatuko itsasoa izan behar gara, bakea eta askatasuna irabazteko».

Era berean, EPPK-k burutuko duen prozesuari ere babesa adierazi nahi izan diote. «Barrutik eta kanpotik denok batera botako ditugu hormatzarrak».