INFO

San Tomas egunean lortutako dirua eta saskia banatu dituzte konpartsek

Egutegien salmentarekin lortutako dirua LaboreBilbori eman diote eta zozketatutako saskia Komantxe Konpartsari egokitu zaio.

Saskia eta dirua banatu dituzte Bilboko Konpartsek.

Bilboko Konpartsek San Tomas egunean zozketatutako otzara eta egutegien salmentarekin lortutako 1.080 euroak banatu ditu.

Komantxe Konpartsak erositako egutegien artean zegoen San Tomas eguneko zozketan saritutako 0395 zenbakia eta pozik jaso dute saskia. Nekasareko Ganekoop Kooperatibako ortuariak, Basatxerriko txerrikiak, Boga garagardoa eta Esnetik Kooperatibako eta bidezko Merkataritzako produktuz beteriko saskia «konpartsan afari ederra egiteko» erabiliko dutelaesan dute konpartsakideek. 

Horrez gain, bertako nekazaritza edota abeltzaintzarekin harremana duen proiektu bati eman zaio egutegien salmentarekin lortutako dirua. 1.080 euroak, LaboreBilbo egitasmoari helaraztea erabaki dute Bilboko Konpartsek. Abian jarri berri den elikadura burujabetzaren aldeko kontsumitzaileen kooperatiba da LaboreBilbo, produktore eta kontsumitzaileak hurbilduz beste kontsumo eredu bat eraikitzea helburu duena.