INFO

Iazko urtean Nafarroan trafiko-istripuetan hildako lau pertsonatatik bat motoan zihoan

Iazko urtean 25 lagun hil dira Nafarroan trafiko-istripuetan, 2015eko kopuru bera, serie historikoko daturik onena izandako urtekoa, Nafarroako Gobernuko behin-behineko balantzean ikus daitekeenaren arabera.

Foruzain bat errepidea zaintzen

Iazko urtean 25 lagun hil dira Nafarroan trafiko-istripuetan, 2015eko kopuru bera, serie historikoko daturik onena izandako urtekoa, Nafarroako Gobernuko behin-behineko balantzean ikus daitekeenaren arabera.

Horietatik 19 Nafarroako errepideen sarean gertaturiko istripuetan hil ziren, eta hori datu hauek zenbatzen direnetik jasotako kopururik txikiena izan da. Beraz, 2016. urtea, "Nafarroako errepideetan hildako gutxien izandako urte historikoa" izan da, Barne Zuzendaritza Nagusitik adierazi moduan. Gainerako hildakoak, 6 pertsona, hiri barruko bideetan hil ziren.

Hildako pertsona guztietatik %48ak (12 hildako) ibilgailuan edo furgonetan bidaiatzen zuen eta %24ak (6) motozikletan. Beste %24a oinezkoak ziren (6) eta %4 (1) kamioi barruan zihoan. 2016an, ez da txirrindularien edo nekazaritzako ibilgailuak erabiltzen zituztenen heriotzarik izan.

2015eko datuekin alderatuta, motor-gidarien kopurua igo egin da, motoan zihoan pertsona batek bakarrik bizitza galdu baitzuen urte hartan. Bestalde, turismo edo furgoneta barruan zihoazen 17 lagunek galdu zuten bizia, sei oinezko hil ziren eta nekazaritzako ibilgailuarekin lanean zebilen lagun bat.

Istripuek gora egin dute orain gehiago sartzen baitira datu-basean

Nafarroako Gobernuaren behin-behineko balantzearen arabera, guztira 4.541 trafiko-istripu izan dira 2016an, 2015ean baino %21,7 gehiago (3.730 istripu orduan). Batik bat hiri barruko bideetan gertatu dira istripu gehiago, beste %43,6. Hala ere, Barne Zuzendaritza Nagusiak adierazi du istripu-kopuruaren igoera hori gertatu dela ez hainbeste bideetako ezbehar-kopurua gehitzeagatik, baizik eta gaur egun Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (Arena 2) datu-basean erregistro gehiago sartzen dituztelako Nafarroako udaltzainek.

Halaber, Barne Zuzendaritzak nabarmendu du erregistraturiko istripuen kopuru handiago horrek eragin zuzena duela ondorioetan; alegia, zauritutako pertsona gehiago jasotzen dira datu-basean. 2016. urtean, 134 larri eta 799 arin erregistratu ziren.