INFO

Subillan gasa erauzteko proiektua baztertzeko beharra azpimarratu du EH Bilduk

Azken txosten teknikoek «gabezia asko» azaldu dituztela eta Euskadiko Hidrokarburoen Elkarteak (SHESA) aurkeztu duen egitasmoaren arriskuak dituela nabarmenduta, Subillan gasa erauzteko proiektua bertan behera uzteko beharra azpimarratu du EH Bilduk eta, bide horretan, erakunde guztietan ekimenak aurkeztu eta adostasun zabalak bilatuko ditu koalizio abertzaleak.

Fernandez de Pinedo, Larrion eta Otero, Gasteizko Legebiltzarrean eginiko agerraldian. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Legebiltzarrean eginiko agerraldian, Subillan gasa erauzteko proiektua alde batera uzteko eskatu dute Miren Larrion eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideek Kike Fernandez de Pinedo Arabako batzarkidearekin batera, prozedura «berme guztiekin» egin ez dela azpimarratuta.

Argitaratu diren azken bi txostenek, Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak egindakoak, koalizioaren «beldur guztiak baieztatu» dituela nabarmendu dute: «gure eremuko akuiferorik handiena zulatzeak dituen arriskuak; ez dela ulergarria ingurumen-inpaktu txostena egiteko orduan tramitazio sinplifikatua erabiltzea –alegazioak eta kontsulta publikoak aurkezteko eperik gabe–; eta eremu horrek parke naturala izendatzeko prozedura zabalik duenez, txosten tekniko gehiago eskatu behar dira».

Koalizioaren aburuz, eztabaida hau ezin da «behar bezalako bermerik gabe» itxi eta, horregatik, informazio osoa eta berme guztiak izango dituen prozedura gardena ahalbidetu behar dela gaineratu du. Aurrez EH Bilduk aurkeztutako zenbait ekimen arrakastarik gabe eztabaidatu diren arren, berriro ere EAE eta Arabako instituzioetara eramango dute gaia.

«Ez dugu etsiko. Ezagutu ditugun azken informazioek gure jarrera indartzen dute. Gure lurraldea jokoan dago eta prozesuak berme guztiak izan behar ditu», azpimarratu dute Otero, Fernandez de de Pinedo eta Larrionek. Oterok azpimarratu duenez, Lakuak «berandu, gogorik gabe eta gaizki»erantzun die orain arte egindako galdera guztiei.

EH Bilduko kideen esanetan, ingurumenari eta prozedurari buruzko gai tekniko guztiekin batera, eredu energetikoaren ingurukoa da dagoen sakoneko eztabaida. 2005etik «energia berriztagarrietarako inbertsioa handitu ez duen bitartean», koalizioak nabarmendu du Lakuak ezin dituela beste 27 milioi euro bideratu gasa erauztera. Gaia mahai gainean jartzeko ere baliatuko dute Aurrekontuen inguruko eztabaida.

Gaiaren inguruan gehiengo zabalak osatzeko beharra azpimarratu du EH Bilduk eta, horregatik, gainerako indar politikoei proiektu honen ondorio guztiak aztertu arte bertan behera utzi behar dela planteatuko die. «Presak ez dira aholkulari onak eta are gutxiago kasu honetan», adierazi dute.

Azkenik, proiektua bertan behera uzteko kaletik ere bultzatu beharko dela esan du koalizioak. «Araba frackingik gabeko lurraldea izatea lortu du eta kaletik zein instituzioetatik lan egin beharko dugu helburu bakar batekin: energia berriztagarriak bultzatu, energia fosilak alde batera utzi eta kontsumoa murriztuko duen eredu energetikoa lortzeko aurrera egiteko pauso sendoak emateko», ondorioztatu dute.