INFO

Gizon bat atxilotu dute Basaurin, adingabeen eduki sexualeko argazkiak lortzen saiatzea egotzita

Ertzaintzak 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuen asteazkenan Basaurin, adingabeen eduki sexualeko argazkiak lortzen saiatzea egotzita. Sakeleko telefonoetarako txat aplikazio bat erabiltzen omen zuen bere helbururako, eta adingabe bati bere eta bere lagun baten argazkiak eskatu zizkion, diruaren truke.


Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ikerketa joan den abenduan hasi zen, gazte baten gurasoek jarritako salaketaren harira.

Salaketan adierazi zutenez, txat aplikazio baten bitartez gizonezko bat beren alaba adingabearekin harremanetan jarri zen, eta diruaren truke bere eta bere lagun baten sexu izaerako argazkiak bidaltzea eskatu zion.

Ertzaintzak 43 urteko gizonezko bat identifikatu eta asteazken arratsaldean atxilotu zuen Basaurin, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako ustezko delitu baten egilea delakoan.