INFO

Euskal espazio komunikatiboa sortzeko nahiak eta ezinak, Bilbon eztabaidagai

«Euskal Herria ez da komunikazioan oinarritutako nazio bat». Baina aukerak egon badaude komunikazio espazio komun bat eraikitzeko. Hori bai, formula, adostasuna eta borondate politikoa falta dira erakargarria den eremu bat eratzeko eta sektorea indartzeko. Eztabaida Ezkerraberri fundazioak berpiztu du Bilbon, aste honetan bertan.


Nola sortu euskal espazio komunikatibo komuna Euskal Herrian?». Horra hor Ezkerraberri fundazioak aste honetan Bilbon egindako jardunaldi batean mahai gainean jarritako galdera. Zenbait eragile aritu ziren galderari arlo ezberdinetatik erantzuna eman nahian.

Iñaki Irazabalbeitia Ezkerraberri fundazioko kideak ikusten duen egoera azaldu zuen saioari hasiera emateko. Aipatu zuen eguneroko informazioan erraz topa daitezkeela euskal hedabideetan tokiko informazioa baino presentzia nabarmenagoa duten Euskal Herritik kanpoko informazioak, eta, gaineratu zuenez, «egun argi dago Estatuko komunikabideek ezartzen dutela agenda». Azaldu zuenez, «menpekotasun handia dago inguruko subjektu politikoek eratutako espazioekiko, eta egoera hori aldatu beharra dago nazio, herri eta kultura gisa iraun nahi badugu».

Gure erreferente kulturalak eta balioak gizartera transmititu nahi baditugu, horiek erdigunean izango dituen espazio komunikatiboa beharrezkoa dela gaineratu zuen; «ahots propioa izatea», hain zuzen ere. Beste nahi bat ere plazaratu zuen: eztabaida saioa «zerbaiten abiapuntu» izatea.

Jardunaldiaren abiapuntua Josu Amezaga EHUko irakasleak jarri zuen: “euskal espazio komunikatiboa” terminoaren definizioa zehaztu eta testuinguru historikoan kokatu zuen. Azaldu zuenez, gaurkotasun handiko gaia da euskal espazio komunikatiboa sortzearen beharra, baina ez da kezka berria.

Kontzeptuari bueltaka

Amezagak kontzeptua bera argitzeko zenbait zertzelada eman zituen. Esan zuenez, “komunikazio espazioak” gune bat adierazten du, non agente eta subjektu ezberdinak elkarrekin komunikatzen diren, eta zehaztu zuen bi elementu multzok mugatzen dutela gune hori: komunikaziorako erabiltzen diren bitartekoek (baliabide materialak eta bitarteko sinbolikoa den hizkuntza) eta edukiek (zeren inguruan komunikatzen garen).

Adibide gisa azaldu zuen etxean dozenaka telebista kanal jasotzen direla, teknikoki egongelaraino sartzen diren baliabideak, eta erabiltzen dituzten baliabide sinbolikoak ulertzen ditugun hizkuntzak direla. Baina norberak aukeratzen du tematikaren arabera zein kontsumitu. «Guztiek osatzen dute komunikazio espazioa, baina batzuk ez zaizkit interesatzen». Espazioak hor daude, baina norberak aukeratzen du horietan sartu ala ez. Adibide horretan oinarrituta, Amezagak edukiek duten garrantzia nabarmendu zuen, baita argi utzi ere edukiak ezin direla inposatu. «Komunikazio espazioa ez da agente batzuek euren edukiak inposatzeko leku bat, nahiz eta hori ere gertatzen den. Komunikatzeko gune bat da, bere edukiak planteatzen ditu, baina batzuek indar handiagoa dute eta beste batzuek txikiagoa, eta horrek asko determinatzen du espazio horren izaera».

Nazio izaera

Kontzeptua modu abstraktuan jorratzetik “nazio” ikuspegira egin zuen salto Amezagak, jarritako erronkari erantzuteko eta euskal espazio komunikatibo batek daukan garrantziari buruzko hausnarketan sartzeko, Ezkerraberri fundazioak planteatutakoari helduz. «‘Euskal’ esaten dugunean komunikazio espazio nazional bati buruz ari gara», argitu zuen. Segidan zehaztu zuen komunikazio espazio nazional batek gizarte baten antolaketaren ikuspuntutik eremu publikoaren euskarria duela, bertan gai publikoak eztabaidatzen direla, gizartea bera presente egoten dela eta «boterearen legitimazioa» bera ere ahalbidetzen duela.

Kulturaren birsorkuntzan komunikazio espazio propioak duen garrantzia ere nabarmendu zuen Amezagak. «‘Komunikazioa’ eta ‘kultura’ nekez bereizten» diren terminoak dira bere esanetan, gauza ezberdinak izan arren, biak batera doaz eta. Esan zuenez, hizkuntzarena da «kasu argiena», hizkuntzaren biziraupenerako beharrezkoa delako espazio komunikatiboa, baina talde nortasuna ere errazten du komunikazio espazio batek, «zuzenean edo beste eragile batzuen bitartez komunitate bat osatzen duten pertsonak harremanetan daudelako».

EHUko ikertzaileak nabarmendu zuenez, gaur egun –komunikabide tradizionaletan, bederen– gehien mugitzen diren edukiak aisialdiarekin lotutakoak dira. Horiek ere “gai politikoak” direla nabarmendu zuen, filmak edo iragarkiak kasu. Izan ere, eduki horiek ideologia bat birsortzen dute, «komunitate bat, ideia bat, irudi bat, nazio bat». Horregatik, Amezagaren ustean eduki horiek ere oso kontuan hartzekoak dira.

Euskal Herriko errealitatera itzulita, komunikabide tradizionalek eta, batez ere, telebistak pisu handia izaten jarraitzen dutela esan zuen Amezagak. Errealitate hori kontuan hartuta, eta sektorea hain aldakorra izanda, arauketaren aldetik ezer gutxi egin dela eta erakundeetan hausnarketa hori ez dela egin nabarmendu zuen. Esan zuenez, «prentsan monopoliorantz goaz eta ez da ezer egin. Hor kolokan jartzen da pluraltasunaren ideia. Eta, bitartean, komunikabide propio batzuk alboratu egin dira».

«Arautzea ez da erraza, errealitatea oso aldakorra delako», ohartarazi zuenez. Hala ere, euskal espazio komunikatibo bat eraikitzeko bi eredu ikusten dituela azaldu zuen. Bata, erregulazio eta muga batzuen menpean eratutakoa, instituzioen interbentzio arautua jarraituko lukeena eta Amezagak “esparrua” deitzen duena. Eta, bigarrena, era irekiago batean eratutako komunikabide sistema bat, “eremua”, erakargarriago suerta daitekeena eta komunikatzeko bestelako tresnak eta zerbitzuak eskain ditzakeena. «Baina, horretarako, komunikabide sendoak behar dira».

Hizkuntzari erreparatuta, Amezagak onartu zuen badagoela artean erantzunik aurkitu ez duen galdera bat: «Posible al da espazio bat eratzea hizkuntza bat baino gehiagotan?».

 

Kasu katalana: erakundeen laguntza eta, kultura eta informazioa, zerbitzu

Euskal espazio komunikatiboa hizpide, Ezkerraberri fundazioak Euskal Herritik ez oso urrun dagoen Kataluniako kasura jo zuen, han gauzak zelan egin diren ikusteko. Ekarpen freskagarria izan zen Germa Capdevilak egindako deskribapen teorikoa. “Esguard” astekariko editorea da Capdevila, hau da, iPad gailuentzako katalanezko lehen astekariko editorea. Bere hitzaldiaren sarreran azaldu zuenez, komunikazio espazio bat ez da hizkuntza soilik, baina «hizkuntza ia dena» da. Hala, Kataluniako hizkuntza errealitatea marraztu zuen: hizkuntza arloko murgiltze politiken ondorioz, egun katalan hiztun osoak dira 50 urtetik beherakoak, eta gainontzekoen artean ere badaude katalan eta gaztelerazko kontsumoak egiten dituztenak. Are gehiago, esan zuenez, katalanez edo gaztelaniaz hitz egiten duten medioetan “herria” edo “gobernua” hitzak aipatuta, Kataluniaz edota Espainiaz hitz egin dezakete. Azaldutakoaren arabera, maila politikoan kontu handiz jokatu da Katalunian hizkuntza unionisten eta independentisten arteko muga banatzaile bat izan ez dadin.

Laguntza publikoetan beste gako bat ere badagoela aipatu zuen. Nabarmendu zuenez, kultura txikiek besteekin lehiatzeko laguntza sistema bat behar dutela ulertzea «irabazitako batailetako bat» izan da. Gaineratu zuenez, laguntzen sistema katalanak gero eta gehiago lehenesten ditu katalanezko edukiak eta sektorearen profesionalizazioa, eta ez hainbeste, berriz, hedabideen hedadura.

Zenbait adibide mahaigaineratu zituen Capdevilak eta aipatu zuen eduki berrien sorreran teknologia berriek izan duten eragina, batez ere aisialdiarekin lotutakoetan. Jarritako adibideen artean kasu berezi bat aipatu zuen: nerabeei zuzendutako Adolescents.cat ataria. «Sektore zailenetako bati zuzenduta» izanagatik, 18 urtetik beherakoen artean lider dela aipatu zuen, «Espainiatik datozen beste proposamenen aurretik». Capdevilaren esanetan, komunikabide digital horrek lortu du hizkuntza gazte sektore horrentzat faktore erakargarria izatea eta eduki anitzak eskaintzen ditu, horoskopoaren informaziotik Generalitateak kudeatzen duen 24 orduko psikologia eta sexualitate kontsultategira bitarte. Beste berezitasun bat ere badauka atariak: ez da publizitatetik bizi, merkatu estudioetatik baizik. Adibide bat jarri zuen: RAC kezkatuta zegoen gidatzeko baimen kopuruaren jaitsieragatik eta webguneari agindu zion horren gaineko azterketa bat egiteko. «Joko batzuk baliatuz datuak bildu zituzten eta gazteen lehentasunen erradiografia bat osatzea lortu zuten».

Beste esperientzia bat ere aipatu zuen Capdevilak, Iquiosc.cat izeneko atari digitalarena. Bertan, 9,90 euroko hilabeteko tarifa baten truke erabiltzaileak 230 hedabide baino gehiagotan sartzeko aukera dute.