INFO

Sare: «Jasangaitza da larriki gaixo dauden presoen egoera»

Oier Gomez presoari minbizia diagnostikatu diotela eta, elkarretaratzea egin du Sarek Gasteizen. Bertan, adierazi dute «jasangaitza» dela larriki gaixo dauden presoen bizi duten egoera.

Larriki gaixo dauden presoen eskubideen alde elkarretaratzea egin dute Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Elkarretaratzea egin dute hamarnaka lagunek Gasteizen, Sarek deituta, larriki gaixo dauden presoen egoeraz ohartarazteko. Arantza Armentiak, elkartearen izenean, adierazi du gehitzen ari dela eri dauden presoen zerrenda, Oier Gomezi erreferentzia eginez.

Gaineratu du gaixo dauden presoen egoera «jasangaitza» ari dela bilakatzen: «Ezin da ulertu egungo legalitate espainiar eta frantsesa besterik gabe ez betetzea eta inork mugarik ez jartzea horri».

«Ordezkari politikoei dei egiten diegu larriki gaixo dauden presoen egoerak konpondu ditzaten, gizatasunagatik bada ere. Min gehiago eragitea baino ez du helburu presoak espetxean mantentzeak», azpimarratu du.